Politika -

Memoria

Nafarroak poliziaren edo eskuin muturraren indarkeriaren biktimak aitortzeko ekitaldi bat egingo du "laster"

Joan den astean Foru Gobernuak indarkeria mota horren lehen 12 biktimen aitortza iragarri ostean, Nafarroako Exekutiboak esan du ekitaldi publikoa "beste urrats bat" izango dela "erreparazio eta aitortza prozesu horretan".

Mikel Zabalzaren omenezko oroitarria, Orbaizetan (Nafarroa). Irudia: EITB
Mikel Zabalzaren omenezko oroitarria, Orbaizetan (Nafarroa). Irudia: EITB
Mikel Zabalzaren omenezko oroitarria, Orbaizetan (Nafarroa). Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza kontseilariak gaur Foru Parlamentuko osoko bilkuran iragarri duenez, Foru Exekutiboak "laster ekitaldi publiko bat" antolatuko du eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako biktimak "aitortzeko".

Iragan astean Foru Gobernuak indarkeria horren lehen 12 biktimak aitortuko zituela iragarri ondoren, adierazi du ekitaldi publikoa "beste urrats bat" izango dela "erreparazio eta  aitortza prozesu horretan, eta bateragarria izango dela, nolanahi ere, biktimek bere intimitatea gordetzeko duten eskubidearekin, espresuki hala eskatzen dutenean".

Idoia Zabalza: ''Lehen eta bigarren mailako biktimak ez egotea aurrerapauso handia da''
Idoia Zabalza: ''Lehen eta bigarren mailako biktimak ez egotea aurrerapauso handia da''
Idoia Zabalza: ''Lehen eta bigarren mailako biktimak ez egotea aurrerapauso handia da''

1:41

"Kontu handiz ibiliko gara horrekin, prozesu osoan izaten ari garen bezala", nabarmendu du Ana Ollok Zurekin Nafarroaren galderari erantzunez.

Ana Ollok adierazi duenez, "etorkizunera begiratu nahi dugu, baina ezin dugu etorkizunera begiratu ezer gertatu ez balitz bezala, biktimak ahaztuta edo ikusezin eginda". "Gure helburua pertsona guztien giza eskubideen errespetuan aurrera egitea izan behar da", azpimarratu du.

Presidenteordeak gaineratu duenez, "Nafarroako Gobernuak lanean jarraituko du motibazio politikoko biktima guztien arretan, parekatzerik eta diluziorik gabe, konpentsazio kontakizunik gabe, baina bai bakearen kultura bultzatuz, elkarrizketatik abiatuta, desberdin pentsatzen duenarekiko errespetutik, pertsona guztien giza eskubideen defentsatik eta indarkeriaren deslegitimaziotik abiatuta".

Horretarako, "apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea, terrorismoaren biktimei laguntzeko, bultzatzen jarraituko du, azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren eta diktadura frankistaren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izan ziren Nafarroako herritarrei aitortza eta erreparazio morala ematekoa, eta eskuin muturrari edo funtzionarioei egotz dakizkiekeen motibazio politikoko biktimei aitortza eta erreparazioa emateari buruzko Foru Legea, 2019an erreformatu zena eta Auzitegi Konstituzionalak 2021ean baliozkotu zuena".

Carlos Guzman Zurekin Nafarroako bozeramaileak berretsi duenez, "gure herriarentzat behar politikoa da biktima horiek guztiek, nahi badute noski, merezi duten aitortza eta erreparazio ofiziala izatea". "Lanean jarrai dezagun, nafar bakar bati ere ez, Planetako ezein pertsonari, bere giza eskubideak berriro urra diezazkioten", aldarrikatu du.

Frankismoak jazarritako emakumeak

Bestalde, Iruñeko Udalak ofizialki aitortu ditu Txantrean frankismoak jazarritako emakumeak. Horretarako espazio publikoei haien izenak eman dizkie.

Hiriko planoek kale-izendegiko plaketan jasotzen dituzte jada Julia Bea Soto, Dora Serrano Serrano, Aurora Gomez Urrutia, Mª Luisa Elio Bernal, Josefina Guerendiain Caro, Nemesia Baztan Turrau, Ramona Zapatero Zapatel, Matilde Huici Navaz eta Mª Carmen Huder Carlosena.

Haien irudiak eta ibilbideak gaurtik gogoratzen eta aitortzen dira kale eta plaza berrien izendapenarekin, hiriko emakumeak ikusarazten lagunduz.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur eguerdian inauguratu du frankismoak errepresaliatutako emakumeen oroimenerako gunea dela esaten duen plaka.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Nafarroako Parlamentua Memoria Historikoa Polizia abusuen biktimak