Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Otegik ez du baztertu EH Bilduk Otxandiano inbestidura saiora aurkeztea

EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioa laster itxiko dutela uste du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak, eta negoziazio horietan eztabaida batzuk ez mugatzeko eskatu die.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Euskadi Irratian
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Euskadi Irratian
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia, Euskadi Irratian

play icon 25:45

O. A. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin eta bi egunera, Eusko Jaurlaritza berria osatu eta lehendakari berria izendatzeko prozesua hasi da. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ez du baztertu Pello Otxandiano inbestidura saiora aurkeztea, duela lau urte Maddalen Iriartek egin bezala, koalizio subiranistako lehendakarigaiak gobernu alternatiba bat ordezkatzen duela iritzita. Dena den, oraindik ez dutela erabaki adierazi du.

Eusko Jaurlaritza osatzeko negoziazioei begira, Otegik uste du Pradalesi dagokiola bilera erronda abiatzea, EH Bildurekin hasita. Hitz egiteko prest daudela, baina oraingoz ez dutela EAJren deirik jaso azaldu du: "Guk eskua zabalik daukagu hitz egiteko, baina, momentuz, ez dute deitu".

EAJ eta PSE-EE gobernu akordioa "korrika" itxi nahian ari direla iritzi dio Otegik, eta mezu kontrajarriak ematea leporatu die jeltzaleei. Horren esanetan, kanpainan Sanchezekin ez zirela fidatzen esatetik, hauteskunde gauean bertan PSE-EErekin gobernu koalizioa ixteko asmoa azaltzera igaro ziren. "Marmotaren egunean gaude, berriro", gaineratu du.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan herritarrek hautetsontzietan emandako "mandatua" (abertzalea, subiranista eta ezkerrekoa) aintzat hartzeko eta akordio "mugatzaileak" ez egiteko eskatu die jeltzaleei eta sozialistei. Zehazki, eztabaida nazionalari eta ezkerreko politikak ez mugatzeko galdegin die.

Gobernu eredu berriaz hitz egiterakoan, gobernu formulaz baino gehiago gobernantza ereduaz ari direla nabarmendu du. "Filosofia kontu bat da. Gehiengoa abertzalea bada, PSE-EEk onartu beharko du estatus politikoaren inguruko eztabaida eta gauza bera EAJk, adibidez, politika fiskalarekin".

Kanpainan ETAren inguruan sortutako polemikak hauteskunde emaitzetan eragin txikia izan duela uste du Otegik. Aldiro hauteskunde garaian atera ohi den gaia dela eta lehia horretatik kanpo ateratzeko deia egin du. Are gehiago, mahai batean eseri eta egindakoa onartzeko deia egin die gainontzeko alderdiei.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Otegi albisteak Politika EAE albisteak Hauteskundeak Euskadin 2024 EH Bildu Araba Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Irratia euskaraz Hauteskundeak