Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Greba "helburu politikoekin erabiltzea" leporatu dio Anduezak ELAri

PSE-EEko idazkari nagusi eta lehendakarigaiak Estatutu berria aldarrikatu du, "baina ez estatus berria", EAJk eta EH Bilduk dioten bezala. Horren ildoan, azpimarratu du jeltzaleek "hautua egin" beharko dutela, estatus berria "euskal moldera egindako Kataluniako prozesu bat" litzatekeelako.

Andueza, Radio Euskadiren estudioan. Argazkia: EITB Media
Andueza, Radio Euskadiren estudioan.
Andueza, Radio Euskadiren estudioan. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak gogor jardun du gaur ELA sindikatuaren kontra, EAEko sektore publikoan izandako grebaren biharamunean. Izan ere, horren ustez, lanuztearen deialdiak asmo politikoak "izan ditzake". 

Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako elkarrizketa batean, greba eskubideari "errespetu osoa" diola azpimarratu du sozialisten lehendakarigaia ere badenak, baina aipatu du "sindikaturen batek" —gero ELAri buruz ari dela zehaztu du— greba bera "xede bihurtu" eta "helburu politikoekin erabili" duela. Kritikatu duenez, "helburu politiko jakin batzuekin grebak erabiltzea lanuztearen helburu eta izaera desitxuratzea da nolabait". 

Anduezaren ustez, sindikatu abertzalea "ez den gauza batera jolasten ari da", eta Mitxel Lakuntzak bere garaian egindako adierazpenak izan ditu gogoan. ELAko idazkari nagusiak esan zuen Euskadin ez zegoela oposiziorik eta sindikatua prest zegoela horretan aritzeko. PSE-EEren buruzagiak uste du adierazpenok ELAk "sindikatu ez den zerbait" bihurtu nahi duen "asmoa argia" direla. 

Dena dela, aitortu duenez, "zenbait zerbitzu publikotan lan gatazkak" egon badaude eta "konpondu behar" dira. Elkarrizketa sozialaren bidez irtenbidea topatuko zaiela espero du Anduezak. 

Pello Otxandianok (EH Bildu) proposatutako estatus politiko berria hizpide hartuta, Anduezak esan du Euskadik "Estatutu berria merezi" duela, eta "ez estatus berri bat; oso gauza ezberdina da eta", arrazoitu du. Horren harira, argi hitz egiteko eskatu die EAJri eta EH Bilduri. Horren ustez, jeltzaleak eta koalizio abertzalea dira Estatutua ez berritzea "galarazi" dutenak. "Estatutua berritzeko unea heltzen zenean, biek dena erabakitzeko eskubidearen eta euren amets soberanista eta independentisten alde jartzen zuten", salatu du. 

Hori horrela, azpimarratu du EAJk EH Bilduren eta PSE-EEren artean "hautua egin" beharko duela. "Estatus berri bat euskal moldera egindako Kataluniako prozesu bat izango litzateke, Lizarrako Akordioaren edo Ibarretxe Planaren modukoa", erantsi du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ELA Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuen albistea Eneko Andueza