Politika -

ELKARRIZKETA EUSKADI IRRATIAN

"Ezberdinen arteko elkarlana" eta EAEn ezkerreko gobernua osatzea defendatu du Gorrotxategik, Sumar sartuta

Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiaren arabera, EAEko gizartea ezkerrekoa da eta ezkerreko politikak eskatzen ditu eta hori "islatu" egin behar da, "lehenengoz ezkerreko gobernu bat lortzeko". Balizko gobernu horri begira, EH Bildu, PSE-EE, eta Sumar jo ditu ezkerreko gisa, ez EAJ.

Miren Gorrotxategi, Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia
Miren Gorrotxategi, Euskadi Irratian
Miren Gorrotxategi, Euskadi Irratian. Argazkia: Euskadi Irratia

play icon 18:37

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina ofizialki apirilaren 5ean hasiko bada ere, alderdiak apirilaren 21eko hitzordura begira ari dira lanean aspaldidanik. Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak ezkerreko gobernu baten aldeko apustua egiten du, EH Bildu, PSE-EE, Elkarrekin Podemos eta Sumar barne hartuta. Elkarrekin Podemos Aliantza Berdearekin koalizioan aurkeztuko da datozen hauteskundeetara.

Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan Gorrotxategik nabarmendu duenez, EAEko gizartea ezkerrekoa da eta ezkerreko politikak eskatzen ditu eta hori gobernuan "islatu" egin behar da, "lehenengoz ezkerreko gobernu bat lortzeko". "Gure bozkak eta eskainuak (eserlekuak) horretara bideratuko ditugu, Euskadirako gobernu ezkertiar bat, lehenengoz, lortzeko", gaineratu du.

Sumarri lotuta, elkarlanerako deia egin du Gorrotxategik eta balizko ezkerreko gobernu horretan tokia izan beharko lukeela uste du. "Ezberdinen arteko elkarlana da politikak behar duena eta egin behar duena", azpimarratu du.

Bestalde, EH Bilduri eta PSE-EEri aurpegiratu die EAJrekin koalizio gobernu bat osatu nahi izatea. Gorrotxategiren esanetan, PSE-EEk gainditutzat ematen du EAJrekin duen koalizio gobernua, baina aldi berean beraiekin gobernatu nahi duela esaten du. EH Bilduri "beste horrenbeste" egitea leporatu dio, hots, ziklo politiko aldaketaz hitz egitea, baina aldi berean EAJ barne hartzen duen koalizio gobernu bat proposatzea.

lldo horretan, argi eta garbi utzi du EAJ ez dela ezkerreko alderdi bat eta, hortaz, Elkarrekin Podemosek ez duela EAJrekin gobernurik osatuko, ezta jeltzaleen gobernurik sostengatuko ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAEko hauteskundeak 2024 Hautagaiei buruzko albisteak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Euskadi Irratia Hauteskundeak gaur Miren Gorrotxategi albisteak