Politika -

ELKARRIZKETA RADIO EUSKADIN

"Hobekuntzak" baditu ere, euskararen dekretu berria "aukera galdua" dela uste du Nerea Kortajarenak

EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile eta Gipuzkoako zerrendaburu ere badenaren arabera, dekretu hori ez da "une honetan" administrazio publikoaren normalizazioak eskatzen duena.

Nerea Kortajarena Radio Euskadin
Nerea Kortajarena Radio Euskadin
Nerea Kortajarena Radio Euskadin

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak hurrengo gobernu bileran onartuko duen euskararen dekretu berria "ez da euskararen normalizazioak administrazio publikoan behar duen dekretua", Nerea Kortajarena EH Bilduko Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen arabera.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, "momentu honetan" baziren beste baldintza batzuk "jauzi bat emateko". Horregatik, "aukera galdua" izan dela uste du. "Oldarraldi judizialak" dekretuan ondorioak izan dituela eta "mugak" eta "murrizketak" testuan horregatik jaso direla gaineratu du.

"Dekretu hau 27 urte geroago iritsi da. Administraziora goazenean ez ditugu gure hizkuntza eskubideak bermatuta, ez dugu nahi dugun hizkuntzan hitz egiteko aukerarik, eta administrazio publikoan lan egiten dutenek ez dute bermatuta euskaraz lan egitea", gehitu du.

"Euskararen kontrako oldarraldi bete-betean gaudela" eta dekretu horrek "jauzi kualitatibo" bat eman behar zuela aldarrikatu du.

Kortajarenaren iritziz, dekretuak "hobekuntzak" eta "arriskuak" ditu bere baitan. Esaterako, positiboki baloratu du dekretuaren eragin esparrua administrazio publiko osora zabaldu izana; aitzitik, deitoratu egin du % 60an Osakidetza, Ertzaintza edo Justizia kanpoan geldituko direla 2033ra arte.

Halaber, hizkuntza eskakizun asimetrikoak ontzat hartu ditu, baina hizkuntza mailari dagokion "exijentzia" murrizten ez dela bermatzeko mekanismorik ez dagoela deitoratu du. Gabeziekin lotuta, administrazio publikoa euskalduntzeko kronograma baten falta kritikatu du.

Horrez gain, atsekabetuta agertu da hasierako testutik kanpo gelditu direlako euskararen lehentasuna eta lehen hitza euskaraz egiteko aukera ahalbidetzen zuen atala ere.

Bestalde, Kortajarenak susmoa dauka Eneko Andueza (PSE-EE) EAJ-PSE-EE koalizioko "hautagai orde" gisa aurkeztuko dela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara. Ildo horretan, ituna errepikatzeko asmoa ote duten argitzeko eskatu die jeltzaleei eta sozialistei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Legebiltzarra albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak 2024 Alderdi politikoak EH Bildu Nafarroa Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak