Politika -
Transferentziak
Otsailean eskualdatuko dituzte transferitzeke dauden hiru eskumenak, Denis Itxasoren ustez
Ezkorragoa da Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saila, eskualdaketa egiteko dokumentazioaren zain daudela azpimarratuta. "Prozesua ez dago dioten bezain aurreratuta", nabarmendu dute.
EITB Media
Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen bozeramailearen ustez, otsaila "hilabete gakoa" izango da oraindik eskualdatu gabe dauden hiru transferentziak (Aldiriko trenak, unibertsitate tituluen homologazioa eta asilo eskatzaileen autonomia fasea dira) gauzatzeko. Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko iturrien arabera, ordea, atzeratuago ikusten du prozesua.
Itxasok gogorarazi duenez, Espainiako Gobernuak "sinatutako konpromisoa du, eta betetzekotan da". Hala, hiru eskumenak "oso aurreratuta" dauela azpimarratu du.
Bestela dio Olatz Garamendik zuzentzen duen Sailak. Hiru transferentziak eskualdatzeko behar den dokumentazioaren "zain" daude oraindik, eta asteon bertan sailburua Angel Victor Torres Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoko ministroarekin harremanetan jarri da, eskaera berresteko.