Politika -
Udalbatza berezia
Joseba Asironek Iruñeko aginte makila lortuko du gaur zentsura-mozioari esker
Saioa 12:00etan hasiko da. Ibarrolaren esanetan, mozioaren ostean "burua tente eta ate nagusitik" aterako da Udaletxetik. UPNk afiliatuak deitu ditu Ibarrola babesteko. Bestalde, Asironek "begirunea, lasaitasuna eta poza" eskatu ditu.
EITB Media
Iruñeko Udalbatzak gaur eztabaidatuko du, ezohiko Udalbatzan, Cristina Ibarrola alkatearen aurkako zentsura-mozioa. Zentsura-mozioa abenduaren 13an aurkeztu zuten EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Talde Mistoak.
Eztabaida eta bozketa 12:00etan hasiko da Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan. Udalbatza berezia zuzenean jarraitzeko aukera izango da eitb.eusen bidez. Mozioa eztabaidatzeko Adineko Mahai bat eratuko da, Koldo Martinez Geroa Baiko zinegotzi zaharrenak eta Aitor Silgado UPNko kide gazteenak osatua.
Udal idazkaria arduratuko da bilkura eratzea baliozkotzen duen quoruma egiaztatzeaz eta saioa egiteko jarraibideak emateaz.
Koldo Martinez zinegotziak, Adineko Mahaiko kide den aldetik, zentsura-mozioa osorik irakurriko du, eta, ondoren, Joseba Asiron alkategaiari hitza emango dio, gehienez ere hamar minutuz. Ondoren, Cristina Ibarrola alkateak hartuko du hitza, denbora tarte berdinarekin.
Bi hitzaldiak amaitu ondoren, hala eskatzen duten talde politikoetako bozeramaileen txanda izango da, bakoitzak gehienez hiru minutuz. Taldeek hitza hartuko dute, ordezkaritza handienetik txikienera ordenatuta, Iruñeko Udalak ohar batean azaldu duenez.
Eztabaida amaituta, zentsura-mozioa bozkatuko da, eta deien bidez egingo da, abizenen hurrenkera alfabetikoaren arabera. Zinegotziek ahoz gora eman beharko dute botoa, eta baiezkoa, ezezkoa edo abstentzioa izango da.
Bozak zenbatu ondoren, alkatea karguaz jabetuko da Udalbatzaren aurrean. Osoko bilkuren aretoaren erdian egingo da ekitaldia, eta alkate berriak karguaren zina edo promesa egin beharko du. Adineko Mahaiko presidenteak, Koldo Martinezek, aginte-makila, intsignia eta domina emango dizkio.
Behin izendatuta, Joseba Asiron Udalbatzako presidente bihurtuko da, bilkura-mahaiaren erdian eseriko, alkate gisa, eta bilkura amaitutzat joko du.
Bost mobilizazio daude deituta gaur goizerako. Lehengo elkarretaratzea 10:00etan izango da, Udaletxe plazan, "Bizi Iruñea" lelopean. Pertsona batek deitutako bilkura da, eta berau egiteko baimena joan den azaroaren 28an eskatu zuen, zentsura-mozioa egongo zela jakin aurretik. Bigarren elkarretaratzea ordubetera izango da: 11:00etan. Udaletxe plazatik metro gutxira, Burgoen plazan, Ibarrola alkatearen aldekoak bilduko dira, "Aski da inozentadekin" lelopean.
Handik ordu erdira hirugarrena hasiko da, Asironen Gobernuaren aldekoek bultzatuta, "aro berri baten hasiera" ospatzeko. Ordu berean, eskuinak Burgoen plazan protestan jarraituko du, Junta Democratica elkarteak deituta, "No es Sanchismo es partitocracia" lelopean. Azkenik, UPN alderdiak eskutitz baten bitartez oinarriei eskatu die Udaletxe plazara gerturatu daitezela Ibarrolari eta bere gobernukideei babesa emateko.
"Burua tente eta ate nagusitik aterako naiz, baina egun batzuk daramatzat betikoen irainak entzuten", ziurtatu du Ibarrolak hedabideen aurrean. Ironiaz adierazi du bere irteera babestu nahi duen "hain jende demokratiko eta errespetuzkoak", Curia kalean "gu iraintzen" eta "txistua botatzen" aritzen da. UPNk afiliatuak gonbidatu ditu Ibarrola babesteko Udaletxe plazan.
Ibarrolaren esanetan, EH Bilduko Alkatetzak "euskara", "inposaketa", "ikurrinak", "atzerapausoa" eta "beraiek bezala pentsatzen dutenekin eta txosnetan pentsatzen dutenekin bakarrik elkartzea" ekarriko ditu.
Asironek, aldiz, "begirunea, lasaitasuna eta poza" eskatu ditu gaurko. X sare sozialean Iruñeko EH Bilduren profilean argitaratutako bideo batean, Asironek nabarmendu du "ordua iritsi dela, hainbeste itxaroten egon garen eguna dela eta hainbeste pertsona horren alde lan egin dugula, eta horregatik ospakizun eguna izan behar duela, ez borrokarako eguna".
"Garai berri bat irekitzen den eguna da. Zorionerako eguna da, izan daitezkeen probokazioez haratago ", azpimarratu du. Hori dela eta, "errespetua, lasaitasuna eta poza" eskatu ditu. "Desberdin pentsatzen dutenekiko errespetua, batzuen haserrearen aurrean neurritasuna eta lortutakoagatik poza, baina, batez ere, etortzekoa denagatik", nabarmendu du.