Politika -

Iruñeko Udala

PSN: "UPNren eraso etengabeen ondorioz, Tomas Rodriguezek ez du zinegotzi kargua hartuko Iruñean"

Rodriguezek zinegotzi kargua hartu behar zuen Elma Saiz ministroa ordezkatzeko osteguneko Udalbatzan, zentsura-mozioa eztabaidatzeko osoko bilkura egin baino lehen. Azkenik, Miguel Matellanesek hartuko du kargua, baina ez du ostegunean egiterik izango.

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria. Argazkia: EFE
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria. Argazkia: EFE
Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkaria. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk astearte honetan adierazi duenez, "UPNren eta Cristina Ibarrola alkatearen eraso etengabeen ondorioz, Tomas Rodriguezek ez du Iruñeko Udaleko zinegotzi kargua hartuko".

Tomas Rodriguezek PSNko zinegotzi kargua hartu behar zuen Elma Saiz ministroa ordezkatzeko osteguneko Udalbatzan, UPN Alkatetzatik kentzeko sozialistek eta EH Bilduk adostutako zentsura-mozioa eztabaidatzeko osoko bilkura egin baino lehen.

Azkenik, Tomas Rodriguezek ez du zinegotzi kargua hartuko eta 23 urteko Miguel Matellanes iruindarra, Zuzenbide eta Zientzia Politikoetako ikaslea eta Europako Parlamentuko aholkulari ohia izango da kargua hartuko duena. Hala ere, ezin izango du ostegunean egin.

Rodriguezek seigarren postua bete zuen PSNk udal hauteskundeetara aurkeztutako zerrendan, eta sozialistek Iruñean bost zinegotzi lortu zituzten. Uko egin ostean, Maria Jose Blascori (zazpigarren) egokituko zitzaion lekua, baina azkenean Miguel Matellanes zerrendako zortzigarrenarentzat izango da.

Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak "UPNren etengabeko presioak" kritikatu ditu, "beste garai batzuetakoak eta demokratikoki erabat zalantzagarriak direlako".

Sozialistak azpimarratu duenez, "Ibarrola alkateak berak prentsaurrekoa eman zuen Rodriguezi buruz zuzenean hitz egiteko eta Alderdi Sozialistaren aurkako irainak botatzeko".

Era berean, "PSNko zinegotziei argazkien bidez sare sozialetatik eta antzeko hedabideetatik egindako eraso etengabeak" gaitzetsi ditu. "Seinalamenduak, diskurtso moral eta patriotikoz jantzita, oso diskurtso arriskutsuak dira, inoiz itzuli behar ez duten beste garai batzuetakoak", salatu du Alzorrizek.

Alzorriz defendatu duenez, Rodriguezek "abenduaren 14an hartu behar zuen kargua, baina UPNk bere kabuz bertan behera utzi zuen osoko bilkura, Cristina Ibarrola buru zuela, sozialisten aurkako jazarpenarekin jarraitzeko".

UPNk "zinismoaz" hitz egin du

Aitzitik, Javier Esparza UPNko presidenteak "zinismoaren mugarritzat" jo ditu Alzorizen adierazpenak. Ohar batean, Esparzak PSNri eskatu dio "biktimismoa alde batera uzteko eta onartzen hasteko Iruñeko Udala Asironi oparitzeko EH Bildurekin bat egiteko erabakiak nazka ematen diela baita bere kargudun publikoei ere, hauteskunde-kanpainan gezurra esan zien alderdi bateko buruzagien traizioarekin bat ez datozen boto-emaile sozialista askori nazka emateaz gain".

"Benetan Alzorrizek uste badu UPNk PSN jazarri duela, polizia-etxean salatu dezala edo barregarri uzteari utz diezaiola", gaineratu du. Javier Esparzak adierazi duenez, "PSNk berriro ere UPN lehengo Herri Batasunarekin alderatu nahi du, eta horrek oraindik sinesgarritasun gehiago galtzea eragiten dio Nafarroako gizartean, batzuek nola jokatzen zuten eta besteek nola jokatzen genuen ondo ezagutzen baitute".

Azkenik, Iruñeko alkate Cristina Ibarrolak (UPN) ohartarazi du EH Bildu Nafarroako hiriburuko Alkatetzara iristeak "atzerapausoa eta sektarismoa" ezarriko dituela, euskararen inposaketarekin, besteak beste: "Dagoeneko ez dute hiltzen, baina beldurtzen jarraitzen dute, iraintzen jarraitzen dute eta guri txistua botatzen jarraitzen dute".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea UPN PSN Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala