Politika -
Zentsura-mozioa
Iruñeko Udalean Ibarrolaren aurkako zentsura-mozioa adosteko bidearen gakoak
Nafarroako sozialistek koalizio subiranistarekin adosteko irizpide aldaketa funtsezkoa izan da mozioa aurkezteko akordiorako bidean.
EITB Media
EH Bildu, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin indarrek asteazken honetan Iruñeko Udalean Cristina Ibarrola UPNko alkatearen aurka aurkeztutako zentsura-mozioa gauzatzen joan da azken hilabeteetan, joan den maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean, eta Nafarroako sozialistek koalizio subiranistarekin adosteko irizpide aldaketaren ondorio da.
Hauek dira Iruñeko Udalak zentsura-mozio honekin izango duen Alkatetza aldaketa ulertzeko gakoetako batzuk:
- 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeak
2019ko udal hauteskundeetan, Enrique Maya erregionalistak lortu zuen Iruñeko alkatetza zerrenda bozkatuenaren (Navarra Suma) hautagai gisa, PSNk Maite Esporrin hautagai sozialistari botoa ematea erabaki baitzuen. Ez zen legealdi erraza izan Mayarentzat, ezin izan baitzuen aurrekontu proiekturik onartu.
Lau urte geroago, 2023ko maiatzaren 28an, Cristina Ibarrola UPNko hautagaia alkate izendatu zuten, oposizioko taldeek ezin izan zutelako akordiorik lortu; izan ere, Elma Saiz hautagai sozialistak berretsi zuen ez zituela babestuko ez UPNko hautagaia ez EH Bildukoa. Sozialistek boto zuria eman zuten.
- Adosteko gaitasun eza Iruñeko Udalean
UPNren Alkatetza ahalbidetu arren, oposizioko taldeek, PSN barne, ezer adosteko gaitasun eza leporatu diote Ibarrolari. Hiriarentzat garrantzitsuak diren proiektuetan desadostasun sakonak izan dira, eta eztabaidan zentsura-balizko mozioa egon da beti.
- EH Bilduren abstentzioa eta babesa Maria Chiviteren eta Pedro Sanchezen inbestiduretan
EH Bilduk abuztuan erabaki zuen abstenitzea Nafarroako Parlamentuan, Maria Chivite sozialistaren inbestidura ahalbidetzeko. PSNk, ondoren, koalizio subiranistarekin negoziatu ditu zerga erreformaren eta aurrekontuen proiektuak, baina ukatu egin du EH Bildurekin inbestidura edo legealdi akordioa dagoenik.
Geroago, azaroan, EH Bilduko diputatuek Pedro Sanchezen inbestiduraren alde botoa eman zuten Kongresuan, "ultraeskuinak Estatuko Gobernuan sartzea eragozteko" helburuarekin. Orduan ere ez zen inolako ordainik aipatu.
- Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidentetza, EH Bilduren esku
Urrian, Tafallako alkatea, Xabier Alcuaz (EH Bildu) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidente hautatu zuten Ezohiko Batzar Nagusian, PSNren aldeko botoekin.
Koalizio subiranistaren lehen presidentea da erakundearen 40 urte baino gehiagoko historian, eta PSNren erabaki horretan ikusi zuten askok Iruñeko Udalean gerta zitekeenaren lehen zantzua.
- Elma Saiz, Gizarte Segurantzako ministroa
Azaroaren amaieran, Elma Saiz PSNren Iruñeko alkategaiak Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministro kargua hartu zuen.
Estatuko politikara egindako urratsak EH Bildurekin Iruñean lortutako akordioa erraztu duela dirudi, Saizek hauteskunde kanpaina osoan zehar azpimarratu baitzuen PSNren botoek ez zutela balioko UPNren edo EH Bilduren hautagaiak alkate egiteko.