Politika -

Memoria historikoa

1936an Nafarroan fusilatutako Jose Creagh sindikalistaren gorpuzkiak eman dizkiete haren senideei

Ana Ollo kontseilaria buru izan duen ekitaldia Berriozarko hilerrian egin da, 2022an Ezkaba gotorlekuko 21 presoren gorpuzkiak lurpetik atera ziren tokian.

Berriozarreko (Nafarroa) hilerria, gaur. Irudia: EITB
Berriozarreko (Nafarroa) hilerria, gaur. Irudia: EITB
Berriozarreko (Nafarroa) hilerria, gaur. Irudia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Creagh Lecaroz sevillarraren gorpuzkiak bere familiari entregatu dizkiote gaur Berriozarko hilerrian egindako ekitaldi batean. Creagh Ezkabako presondegian espetxeratu zuten, eta 1936an erail. 2022ko martxoan desobiratu eta identifikatu zuten.

1914ko uztailaren 22an Sevillan jaio zen Creagh, medikuntza ikaslea eta ideologia anarkistako sindikalista, 1934an zigortu zuten bere hirian, 20 urte zituela, eta 1936ko ekainean Ezkabako espetxera bidali zuten. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, haren heriotza eta beste 20 presorena 1936ko urrian izandako ihesaldiak eragin zuen, eta horrek zigorra eta fusilamendua ekarriko zituen, nahiz eta erreferentzia urriak eta zehaztasun gutxikoak izan.

Hil ondoren, Berriozarko hilerrira eraman zituzten, 1936ko azaroaren 1ean ehorzteko. 2009an Txinparta-Ezkaba Gotorlekua elkarteak jarritako plaka batek bertan lurperatutako preso guztien izenak gogorarazten ditu.

Gaur eman dizkiote gorpuzkiak familiari, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilaria buru izan duen ekitaldian. Bertan izan dira foru parlamentariak, Berriozarko Udaleko agintariak, memoria elkarteetako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta Nasertic laborategiko talde teknikoak eta biktimaren senideak.

Ekitaldian, Carlos Creaghen ilobak parte hartu du, eta eskerrak eman ditu osabaren gorpuzkiak berreskuratzeagatik, bai eta 1936ko kolpe militarraren ondoren errepresaliatuak izan zirenen oroimena zaintzeko egindako lanagatik ere.

Asier Costak, Berriozarko Bizikidetza eta Memoria Historikoaren batzordeko buruak, adierazi du Udalak "memoria historikoa" nahi duela, "egiagatik, justiziagatik eta gure herriko giza eskubideen urraketen biktima guztien erreparazioagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Berriozar Memoria Historikoa