Politika -
Bilera-sorta
Azpiazuk oposizioari esan dio ez dela "egiturazko aldaketarik" izango aurrekontuetan
Ekonomia eta Ogasun sailburuak adierazi duenez, "errealismoaren eta zintzotasunaren oinarritik" abiatu nahi du negoziazioa. Oposizioak ez du aterik itxi nahi izan, eta talde politikoek bigarren bilera-sorta batean proposamenak sakontzeko itxaropena dute.
Agentziak | EITB Media
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak oposizioko alderdiekin 2024ko aurrekontuen inguruan egindako bilera-sortaren ostean adierazi duenez, "ez da egitura-aldaketarik edo Eusko Legebiltzarretik at aldaketarik izango".
Azpiazuk EH Bildurekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin, PPrekin eta Ciudadanosekin bildu ostean prentsa-ohar batean adierazi duenez, "errealismoaren eta zintzotasunaren oinarritik" abiatu nahi du negoziazioa; izan ere, horren ustez, "giro politikoak ez du behar ematen ari dena baino antzerki gehiago".
"Nire asmoa negoziazioa hastea da, aurrekontuaren aldaketa bideragarrietan serio egiten badugu lan, lasaitasunetik eta seriotasunetik", adierazi du sailburuak, "eta aitortu du ez dagoela datarik itxita hurrengo bileretarako, taldeek Eusko Jaurlaritzari bidaltzen dizkioten proposamenen "bideragarritasuna" aztertuta adostuko baitira.
Ekonomia sailaren arabera, EH Bilduk "modu orokorrean" helarazi dizkio bere eskaerak sailburuari, eta datorren astean planteamendu bat bidaliko dio, negoziazioa has daitekeen ala ez aztertzeko.
Horren hitzetan, Elkarrekin Podemos-IUk bere proposamenak bidaltzeko konpromisoa hartu du, baina bileran argi utzi dute ez lioketela babesik emango egungo aurrekontu-proiektuari.
Bestalde, Azpiazu sailburua "harrituta" agertu da Carlos Iturgaiz PPko Legebiltzarreko bozeramaileak bileraren amaieran prentsari egindako adierazpenen berri izan duenean; izan ere, Ekonomia Sailaren arabera, "ez datoz bat bertan esandakoarekin".
Edonola ere, Aurrekontuak abenduaren 22an onartuko dira, Legebiltzarrean gehiengoa duten EAJren eta PSE-EEren botoekin. Nolanahi ere, inork ez du negoziaziotik aldendu nahi izan, eta talde politikoek Ekonomia eta Ogasun Sailarekin dituzten proposamenetan sakontzeko itxaropena dute, bigarren bilera-sorta batean.
EH Bildu, oposizioko talde nagusia, izan da komunikabideen aurrean agertu ez den bakarra lehen hartu-eman honen balantzea egiteko. Hala ere, bilera baino lehen, Nerea Kortajarena bozeramailearen iritzian, "ez dugu ikusten sailburuaren akordiorako borondate handirik".
Elkarrekin Podemos-IU koalizioa zehatzagoa izan da, eta 372 milioiko partidak proposatu ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzeko prest dagoela aurreratu du.
Bestalde, PPk beherapen fiskalak eskatu ditu. Hala, Carlos Iturgaitz PPk Ganberan duen bozeramaileak esan du bere taldea prest dagoela Jaurlaritzarekin hitz egiten jarraitzeko, bere zuzenketekin "euskal familien poltsikoak" arintzeko neurrietan eragin ahal izateko eta beherapen fiskalak egiteko.
Ciudadanoseko ordezkari bakarrak, Jose Manuel Gilek, bost proposamen jarri ditu mahai gainean, besteak beste, osasun publikoko eta eskoletako psikologoen kopurua handitzea eta A ereduko (gaztelania hutsezkoa) hezkuntza-gelak areagotzea.