Politika -
Espainiako gobernua
Zeintzuk dira epeak eta balizko datak Feijooren inbestidurak porrot egin ostean?
PPko hautagaiak ez du presidente izendatzeko boto nahikorik lortu. Horrenbestez, erregeak beste bilera sorta bat egin beharko du beste hautagai bat proposatzeko. Hauek dira inbestidura egutegian markatuta egon litezkeen egunak.
E. G. | EITB MEDIA
Alberto Nuñez Feijoo Espainiako presidente izateko PPren hautagaiak erronka ia ezinezkoa zuen asteon inbestidura saioan, eta aurreikuspenek ez dute huts egin. Porrot egin ostean, berriro jarriko da martxan prozedura guztia, eta gehienez bi hilabeteko epean (azaroaren 27ra arte) nahi beste eztabaida hartu ahalko dituzte Kongresuan. Honako hauek dira legez aurreikusita dauden epeak eta horietarako dauden balizko datak:
- Feijooren inbestiduraren porrota ofizialki jakinaraztea: PPren hautagaiak bozketa galdu ondoren, Francina Armengol Kongresuko presidenteari dagokio horren berri erregeari ematea. Gaur bertan joango da Zarzuelara jakinaraztera.
- Hurrengo bilera erronda: Estatuburuak bigarren bilera txanda deituko du astelehen honetan talde parlamentarioekin, PPko buruaren inbestiduraren porrotaren ostean. Oraingo honetan, Pedro Sanchez PSOEko burua eta jarduneko presidentea inbestidurarako hautagai gisa proposatzea espero da.
- Hurrengo hautagaia eta inbestidura saiorako data. Balizko aukeren artean, urriaren 16ko astea dago. Erregeak hautagai bat izendatu ostean, Kongresuko presidenteak du eztabaidaren data ezartzeko ardura. Kongresuko araudiak ez du zehazten hura egiteko epe jakinik. 170. artikuluak honako hau baino ez du jasotzen: "Gobernuko Presidentetzarako hautagaiaren proposamena jasota, Ganberako presidenteak osoko bilkura deituko du".
Horregatik da, hain justu, hain garrantzitsua Kongresuko Presidentetza. Armengoli dagokio datak zehaztea, eta nahi beste luza dezake Sanchezen inbestidurari eguna jartzeko erabakia, baina logikoena da Sanchezek babes guztiak dituenean deitzea. Dena dela, kasu horretan, kontuan hartu behar da legegintzaldi honetako erlojua martxan dagoela: asteazkenean abiatu zen, Feijooren inbestiduraren lehen bozketan. Espainiako Konstituzioaren 99. artikuluaren arabera, "lehen bozketatik bi hilabete igaro ondoren, ezein hautagaik ez badu Kongresuaren konfiantzarik lortu, erregeak ganbera biak desegin, eta hauteskundeak deituko ditu Kongresuko presidentearen onespenarekin".
Data ezarrita, Sanchezek ez du lan makala. PSOEk 121 eserleku lortu zituen hauteskundeetan, eta horiei Sumarren 31 botoak batu ahal dizkie. Negoziatuta, EAJ (5) EH Bildu (6) eta BNG (1) alderdien babesak bil ditzake, eta zailagoa izango omen du ERC (7) eta Junts (7) katalanen botoak lortzea. Lehen bozketarako (gehiengo osoa) bien baietza beharko luke Sanchezek; bigarrenerako (gehiengo sinplea), 172 boto behar ditu (PP, Vox eta UPNren botoak batuta baino bat gehiago).
Bi aukera ditu Sanchezek. Lehen aukera, sozialistak CCren aldeko botoa jaso eta 172ra heltzea, baina horretarako Juntsen abstentzioa beharko luke. Bigarrena, Sanchezek gutxienez Juntsen aldeko bi boto jasotzea eta Juntseko gainerako diputatuak abstenitzea, horrela bozketa irabaziko duela bermatzeko, nahiz eta CCk aurka bozkatu.
-Hauteskundeak errepikatzea. 2024ko urtarrilaren 14a. Azaroaren 27ra arte dago hautagairen batek beharrezko babesak lortzeko. Hala ez balitz, ganberak desegin eta hauteskundeak deitu beharko dituzte berriro 2024. urtearen hasieran.