Politika -

U23

Zenbaketa ofizialaren zain, hauek lirateke Sanchezen aukerak

Datu ofiziala igande goizean jakitera emango da, espero baita Madrileko Probintzia Batzordeak gaur azken orduan bukatzea zenbatzen, eta mahai guztietako datuak gainbegiratzen. Feijook jarraitzen du presidente izateko aukerarik izan gabe, Sanchezek, ordea, bat baino gehiago dauka.

Pedro Sanchez, Espainiako presidente izendatu zuten Kongresuko saioan. Artxiboa: Efe
Pedro Sanchez, Espainiako presidente izendatu zuten Kongresuko saioan
Pedro Sanchez, Espainiako presidente izendatu zuten Kongresuko saioan. Artxiboa: Efe

I.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PPk PSOEri Madrilen kenduko liokeen eserlekuak ez luke aldaketa handirik ekarriko eta Pedro Sanchezek presidente izateko aukera beretsua izango luke, eta Alberto Nuñez Feijoo ere egoera berean legoke, azkenik Carlos Garcia Adanero UPNren kide ohiak ustez bereganatu duen azken eserlekuari begiratuta. 

Datu ofiziala igande goizean hel liteke Madriletik, larunbat goizean hasi baitira CERA Espainiako nazionalitatea duten eta Espainiatik kanpo bizi diren pertsonen botoak zenbatzen, Senatuari dagozkionak, eta, horren ostean, zenbaketa orokorra deitutako prozesua hasiko dute, eta hori hainbat orduz luzatzea espero da, Madrileko 7.118 hauteskunde mahaiek emandako datu guztiak gainbegiratu, okerrak zuzendu eta boto baliogabeak aztertu beharko dituztela aintzat hartuta.

Zenbaketa bera gaur gauean buka liteke, baina alderdi politikoek erreklamazioak aurkez litzakete, hori dela eta, Madrileko Probintzia Batzordeak ez du lana amaitutzat emango balizko intzidentzia horiek guztiak argitu arte. 

Edonola ere, momentura arte Madrilen zenbatutako CERA botoaren arabera, PPk eserleku bat kendu omen dio PSOEri, guztira 137 diputatu lortuta. Zenbaki horri Voxen 33 botoak eta UPNren boto bakarra gehituz gero, 171 boto izango lituzke guztira, eta gehiengoa 176an dago.

Aldaketa hori baino lehen, PPren (136), Voxen (33) eta UPNren (1) botoak bat eginda 170 lortuko zituzten, eta, beste blokean, Juntsen botoak kontuan hartu gabe, 172, PSOEren 122, Sumarren 31, ERCren 7, EH Bilduren 6, EAJren 5 botoak eta BNGren botoa elkartuta. 

Gobernu bat osatzeko aritmetika zaildu egin da
Gobernu bat osatzeko aritmetika zaildu egin da
Gobernu bat osatzeko aritmetika zaildu egin da

13:52

Aukerak, une honetan, hauek lirateke: 

-Feijoorentzat: 

PP 137 + Vox 33 + UPN 1: 171 lirateke orain arte popularrek ziurtzat eman ditzaketen botoak.

-Sanchezentzat:

PSOE 121 + Sumar 31 + ERC 7 + EH Bildu 6 + PNV 5 + BNG 1: 171 baita ere sozialistentzat.

Hemendik aurrera bi aukera zabaltzen dira: A aukera, Pedro Sanchezek CCren aldeko botoa jasotzea, 172ra helduta, baina horretarako Juntsen abstentzioa beharko luke. B aukera, Sanchezek gutxienez Junts eta aldeko bi boto jasotzea, eta Juntsen gainerako diputatuak abstenitzea, modu horretan bozketa irabaziko duela bermatzeko, nahiz eta CCk aurka bozkatu. 

Horrekin lotuta, Coalicion Canaria alderdiak argi utzi du Feijook ezin duela bere botoa zenbatu, Vox ekuazioaren parte baldin bada, nahiz eta CCk eta PPk gobernu akordioa izan Kanarietan. Era berean, PSOE eta Sumarren arteko koalizio gobernua berriz babestearen aurka agertu dira.

Nahiz eta Kanarietako nazionalistek iritzia aldatu PPren presidentegaiari buruz, ez lituzkete behar adina boto jasoko, balizko 172 boto horien aurka beste ezkerreko, nazionalisten eta independentisten 178 ezezko botoak egongo lirateke eta. 

PP, Juntsekin hitz egiteko prest

Pedro Rollan PPren Koordinazio Autonomikoaren idazkariordeak esan duenez, alderdik ez du baztertzen Juntseki hitz egitea "Konstituzioaren esparruaren baitan".

Rollanen esanetan, PPk inbestidura egitea izan behar du helburu nagusia, eta Juntsekin negoziatuko ote duten galdetu diotenean erantzun du prest dagoela "alderdi politiko guztiekin baldin eta Espainiako Konstituzioaren barruan baldin badaude".

Puigdemont, "xantaia politikoaren aurka"

Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak gaur ziurtatu duenaren arabera, "uste duenak presioa sartu edo xantaia egitearen truke nolabaiteko etekina aterako duela, ahalegina aurreztu dezake".

Horiexek izan dira Puidgemonten adierazpenak Twitterren zabaldutako mezu batean, U23ko emaitzak ezagutu ostean sortutako giro politikoaren aurrean.

"Giltza izatea zirkunstantziala da. Egun batean izan dezakezu eta, hurrengoan, ez, eta ezin dugu ahaztu inoiz. Horrek ezin du eragin presaka ibiltzea (giltza) galtzearen beldur, eta ezin da gaineragin ere, ezinbestean, iragankorra den boterearen aurrean", gaineratu du.

ERC "aukera guztiak" aztertzen ari da Juntsekin

Raquel Sanz ERCren bozeramalaren arabera, alderdia eta Junts "aukera guztiak aztertzen" ari dira "ikuspegi zabal eta eskuzabal batekin", eta baztertu du hauteskundeak errepikatzea.

3/24 telebista katean esan du, Pedro Sanchezen inbestidura babestearen inguruan ERCk oinarriekin balizko akordioa kontsultatuko duela iragarri eta biharamunera. 

Gainera, Juntsekin akordioa lortzeak Junts Kataluniako Gobernura bueltatzea ekarriko ote lukeen galdetuta, Sanzek esan du "ERCren borondatea akordio batera iristea" dela eta, zentzu horretan, "aukera guztiak zabalik daude".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika EAJ-PNV PSOE PP UPN Hauteskunde orokorrak Pedro Sánchez EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Madril Vox Senatua ERC Sumar Mugimendua