Politika -

FRANKISMOA

Espainiako Justiziaren aurrean deklaratu duen frankismoaren lehen biktima: "Inpunitatearen horma hautsi da"

Era berean, aurreneko aldiz Espainiako Gobernuak aurten abian jarri duen Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako fiskalak hartu du parte auzian. Julio Pachecok salatu du Brigada Politiko-Sozialeko poliziek torturatu egin zutela 1975ean.

Julio Pacheco eta Rosa Garcia, gaur, epaitegitik atera berritan. Argazkia: EFE
Julio Pacheco eta Rosa Garcia, gaur, epaitegitik atera berritan.
Julio Pacheco eta Rosa Garcia, gaur, epaitegitik atera berritan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Honaino iristea frankismoaren aurrean dagoen inpunitatearen eta isiltasunaren horma hausten hastea da". Julio Pacheco Espainiako Justiziaren aurrean deklaratu duen frankismoaren lehen biktimaren hitzak dira, epailearen aurrean deklaratu berritan. 

Ana Maria Igualcel Madrilgo Instrukzio Epaitegiko epaileak hartu dio deklarazioa gaur Pachecori. 1975ean Brigada Politiko-Sozialeko poliziek torturatu egin zutela salatu zuen. Unibertsitateko ikaslea eta Alderdi Komunistako kidea zen orduan, eta atxilotu egin zuten, Antonio Pose Rodriguez Guardia Zibileko tenientearen hilketarekin lotura zuelakoan. Kereilan adierazi zuen hiru egunez bahituta izan zuela Poliziak eta bere burua errudun jotzeko eskatu ziotela, torturapean. Tartean, Jose Manuel Villarejo komisario ohia omen zegoen. Gertakari horien lekuko batek ere deklaratu du gaur.

Espainiako estatuan frankismoaren biktima batek epailearen aurrean deklaratzen duen aurreneko aldia izateaz gain —100 kereila baino gehiago daude jarrita antzeko kasuengatik—, Espainiako Gobernuak aurten abian jarri duen Giza Eskubideen eta Memoria Demokratikoaren Salako fiskal batek auzi batean parte hartzen duen lehen aldia ere bada.

Epaitegiaren atarian, Ceaqua, Amnesty International eta Iridia elkarteek deituta, dozenaka herritar bildu dira, Pachecori babesa adieraztera. "Inpunitatearen horma hautsi dezagun" eta "Frankismoaren biktimok justizia eskatzen dugu. Giza eskubideak" zioten pankartak eskutan zituztela, txaloka hartu dute.

Ordubete inguru iraun duen deklarazioaren ondoren, pozik atera da auzitegitik Pacheco, epaile batek "kasu egin eta entzun dion" lehen aldia izateagatik. Gaur hasitako bidea abiapuntua izatea nahiko lukeela esan du, eta Espainiako Justiziak frankismoaren aurkako auzi gehiago zabaltzeko itxaropena agertu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Justizia Unibertsala Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Giza eskubideak