Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

PSOEk Gorenera joko du Hauteskunde Batzordeak Madrilgo boto baliogabeak berrikusteari uko egin izana salatzeko

Botoak berrikusita, atzerriko botoei esker PPk sozialistei kendutako eserlekua berreskuratzeko itxaropena du PSOEk. CERA botoen zenbaketarekin, UPNtik kanporatu zuten Carlos Garcia Adanerok eskuratuko luke popularren 137. eserlekua, Madrildik.

CERA votoen zenbaketa. Argazkia: EFE
CERA votoen zenbaketa. Argazkia: EFE
Bolañosek esan du Gorenera joko dutela ''berme handiena'' ematen duen aukera delako, emaitza ikusita

0:39

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEk Auzitegi Gorenera joko du Hauteskunde Batzorde Zentralak Madrilgo boto baliogabeak berrikusteari uko egin izanaren kontra errekurtsoa jartzeko. Astelehenean, aipatu batzordeak atzera bota zuen uztailaren 23ko hauteskunde orokorretan Madrilen egindako botoen zenbaketa baliogabetzea eskatzen zuen PSOEren helegitea. Hain zuzen, baliogabetzat jo zituzten 30.200 boto-paper berrikustea nahi dute sozialistek. Horien kalkuluen arabera, boto horiek balioztatuz gero, PPk bereganatu duen azken eserlekua PSOErentzat litzateke. Ferraztik baieztatu dutenez, oraindik ez dute erabaki noiz jarriko duten salaketa.

CERA botoen zenbaketarekin, UPNtik kanporatutako Carlos Garcia Adanerok eskuratuko luke popularren 137. eserlekua, Madrildik. Espainiako koalizio gobernuak sustatutako lan-erreformaren aurka bozkatzeagatik bota zuten alderditik Adanero, eta PPko zerrendetan aurkeztu zen azken hauteskundeetan. Atzerriko botoak zenbatuta, Kongresuko diputatu-aktari eusteko aukerak ditu.

Hauteskunde Batzorde Zentralak ez zuen ikusi "irregulartasunik" boto baliogabeen tratamenduan, eta argudio hori erabili zuen sozialisten eskaria atzera botatzeko. Zehaztu zuenez, "argudio sendoak behar dira" Madrilgo Probintzia Batzordeak egindako zenbaketa orokorra berrikusteko "erabaki larria" hartzeko, eta PSOEk bere helegitean ematen dituen arrazoiak ez dira nahikoak.

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE PP Auzitegi Gorena bideoak Hauteskunde orokorrak Salaketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Madril