Politika -

Batzarrak

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako ordezkariak EH Bildurekin bildu dira, gobernu akordioa azaltzeko

Lau indar politikoak goizean batzartu dira Nafarroako Parlamentuan. Bestalde, Unai Hualde Foru Ganberako presidenteak Parlamentuko talde guztiak hartu ditu inbestidurarako aukerak aztertzeko. EH Bilduk Hualderi jakinarazi dio bere militanteek erabakiko dutela abstenitu ala ez.

Unai Hualde eta Maria chivite ekaina bukaeran egindako lehen bilera-sortan zehar. Argazkia: EFE
Unai Hualde eta Maria chivite ekaina bukaeran egindako lehen bilera-sortan zehar. Argazkia: EFE
Unai Hualde eta Maria chivite ekaina bukaeran egindako lehen bilera-sortan zehar. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroako ordezkariak EH Bildurekin bildu dira gaur Nafarroako Parlamentuan, hurrengo foru gobernua osatzeko akordio programatikoa azaltzeko.

Batzarra Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak (Geroa Bai) bigarren bilera sorta bat abiatu baino lehen egin dute lau indar politikoek. Foru Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako bozeramaileekin batzartu da Hualde (txikitik handira, 09:30etik 11:00etara), horretarako aukerarik balego, Nafarroako Gobernuko Presidentetzarako hautagai bat proposatzeko.

Batzar horiek Hualdek ekainaren 28an hartutako konpromisoaren ondorio dira; izan ere, "Parlamentuko bozeramaileren batek inbestidurara aurkezteko borondatea helarazten duen unean prozesua berrabiarazteko konpromisoa hartu zuen", Maria Chivite PSNko idazkari nagusiak egin duen bezala.

Adostutako ordenaren arabera, Nafarroako Parlamentuko presidenteak Voxen ordezkaritzarekin hasi du bilera sorta, eta Zurekin Nafarroa (09:45), PPN, (10:00), Geroa Bai (10:15), EH Bildu (10:30), PSN (10:45) eta UPN (11:00) alderdietako ordezkariak hartu ditu jarraian.

Batzar laburrak egin ondoren, Parlamentuko presidentea komunikabideen aurrean agertuko da, Chivitek inbestidura-saioan bere burua aurkezteko duen borondatearen berri emateko. Erregelamenduak ezartzen duenez, inbestidura-saioa gutxienez hiru egun lehenago deitu behar da.

Laura Aznal EH Bilduko bozeramaileak Unai Hualderi esan dio bere koalizioko militanteek gaur erabakiko dutela Maria Chivite sozialistaren inbestiduran abstenitu ala ez. Aznalek kazetarien aurrean azaldu duenez, gaur lehen eskutik ezagutu ditu gobernatzeko akordio programatikoaren xehetasunak, eta, lehen balorazioan, "anbizioa" falta zaiola uste du.

Ordezkari sozialistak asteartean jakinarazi dio Nafarroako Parlamentuko presidenteari inbestidurara aurkezteko prest zegoela, eta, horrela, lehen bilera-sortan hartutako "konpromisoa" gauzatuko du. Ekainaren 28an, Hualdek esan zuen oraindik ez zegoela prest Nafarroako Presidentetzarako hautagai bat proposatzeko.

Chivitek, Uxue Barkosek (Geroa Bai) eta Begoña Alfarok (Zurekin Nafarroa) astelehenean akordio programatikoa, koalizio gobernuaren egitura barne, sinatu ostean etorri da hautagai sozialista eta egungo jarduneko presidentearen proposamena. Guztira, 21 babes ditu, lehen bozketan gehiengo osoa (gutxienez aldeko 26 boto) eta bigarrenean gehiengo sinplea eskatzen duen inbestidura baterako.

Nolanahi ere, PSNko buruzagiak nahitaez beharko du gutxienez EH Bilduren (9 eserleku) abstentzioa. PSNk (11), Geroa Baik (7) eta Zurekin Nafarroak (3) 50 eserlekutik 21 batuko dituzte, erdiak baino gutxiago. Eskuineko blokeak, berriz, 20 boto bilduko lituzke (UPNren 15, PPren 3 eta Voxen 2).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak UPN PSN Geroa Bai Nafarroa EH Bildu Nafarroa Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Nafarroako Parlamentuko albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Vox Nafarroako PP