Politika -

U23

Diputatu eta senatariak kredentzialak aurkezten hasiko dira gaurtik aurrera eta abuztuaren 16ra artean

Kongresua eratzeko saioa abuztuaren 17an izango da, eta egun horretan diputatuek Konstituzioari men egiteko zina edo promesa egingo dute, eta Ganberako Mahaia aukeratu.

Beheko Ganbera, artxiboko irudian. Argazkia: Efe
Beheko Ganbera, artxiboko irudian
Beheko Ganbera, artxiboko irudian. Argazkia: Efe

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

XV. Legealdian Kongresua osatuko duten diputatu berriak gaur hasiko dira kredentzialak aurkezten, eta abuztuaren 16ra arte izango dute izapidea egiteko, egun hori Behe Ganbera osatzeko saioaren bezpera baita. Uztailaren 31n hasiko den epe horretan senatari berriek ere aurkeztu beharko dituzte, baina ez kredentzialak bakarrik, baizik eta datu fiskalak eta errenta aitorpenak ere, eta babes sozial berria izateko beharrezko agiriak.

Hala, gaurtik aurrera agiriak aurkeztu beharko dituzten guztietatik 8 Bizkaian hautatu dituzte, 6 Gipuzkoan, 5 Nafarroan eta 5 Araban, Kongresuari dagokionez. Senatuaren kasuan, lurralde bakoitzak 4 ordezkari aukeratu ditu.

Diputatu izateko, eskubide eta betebehar guztiekin, Konstituzioari men egiteko zina edo promesa egin beharko dute guztiek, eta, beste behin ere, aurrekoan bezalaxe, egoera bitxiak eman litezke eta, esaterako, Espainia, Katalunia, Planeta edo bestelako eskubideak aipa litzakete une horretan.

Abuztuaren 17ko saioa legealdi berriko lehen izango da, eta diputatuek, egun horretan, Kongresuko Mahiaren osaketa ere aukeratuko dute. Mahaia presidente batek, lau presidenteordek eta lau idazkarik osatzen dute.

Gauzak horrela, 9:30etik aurrera, aurpegi ezagunak eta ez horren ezagunak igaroko dira; besteak beste, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea, aurreko legealdian ministro izandakoak, baita Alberto Nuñez Feijoo PPren burua ere, bere kasuan lehen aldia izango da, aurreko legealdia Senatuan eman du eta.

Alabaina, aurpegi berriak ere izango dira Kongresuan, adibidez, Borja Semper, PPtik, edo Tesh Sidi ekintzaile sahararra, Sumarretik. Era berean, beste aurpegi berri batzuk ere izango dira, kasu, Carlos Garcia Adanero UPNko kide ohi eta PPk hartutako politikari nafarra. Adanerok CERA botoaren zenbaketan lortu du, azkenik, diputatu izatea, Madriletik.

Abuztuaren 17ko saioan, diputatuek oraindik lekua esleituta ez dutenez, goiztiarrek non jezarri aukeratu ahal izango dute, baina ohikoena eta logikoena da aurreko legealdiko leku berean jezartzea. Halere, baliteke egoera bitxiak ematea, eta muturrean dauden bi alderditako kideak ondoan egotea Kongresua eratzeko saio horretan.

Saioak Adineko Mahaia izendatuz hasiko dira, ohi legez, diputatu zaharrenak eta bi gazteenek egin beharko dute lan hori Kongresuan, eta Senatuan zaharrenari eta lau gazteenei egokituko zaie zeregin hori. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Politika Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Senatua Alberto Núñez Feijóo