Politika -

M28KO HAUTESKUNDEAK

Otegirentzat ohoragarria da Larraurik kaguari uko egin izana, eta Bermeon laster akordio bat lortzea espero du

Udalerri horretan gertatuko denari dagokionez, "proiektu jakin batzuetan oinarrituta, gehiengo alternatiboa sendotzeko asmoa" nabarmendu du Otegik.

Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE
Arnaldo Otegi, EH Bilduko koordinatzaile nagusia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asier Larraurik Bermeoko aginte-makila hartu, eta, ordu batzuetara, alkoholemia-kontrol batean positibo eman ostean kargua utzi izana "ohoragarria" dela adierazi du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak astelehen honetan. Ildo horretatik, dimisioa aurkeztu ostean, "zentzuz" akordio bat lortzea espero du, herri horretan "gehiengo alternatiboa" sendotzeko helburuarekin. Izan ere, Bermeon, EAJri alkatetza kentzea lortu zuen koalizio abertzaleak, Guzan plataformaren babesarekin.

Donostian, kazetarien aurrean egindako agerraldian, Otegik Larrauriren erabakia izan du hizpide. Larraurik dimisioa aurkeztu zuen igandean, alkoholaren eraginpean autoarekin istripua izan ostean. Lehenik eta behin, EH Bilduko buruak Asierrek dimisioa emanda egindako keinua nabarmendu du, eta oraingoan ere alderdi subiranista "desberdina" dela nabarmendu du.

Otegiren esanetan, ezkerrak "eredugarria izan behar du, eta kargu publikoak ere bai"; beraz, akats bat eginez gero, "ondorio politikoak" izan behar dira gogoan. Hori dela eta, Asierren keinua nabarmendu du, eta kargua uzteko erabakia "ohoragarria" dela erantsi.

Dimisioa aurkeztu ondoren Bermeon gertatuko denari dagokionez, ez dagoela negoziazio horren gainean azpimarratu du Otegik. Dena dela, "oinarrizko" bi gai daudela esan du. Batetik, Bermeon ez zutela "karguak banatzeko" itunik egin ziurtatu du, eta "proiektu jakin batzuetan oinarrituta, gehiengo alternatiboa sendotzeko asmoa" nabarmendu du.

Adierazi duenez, helburu hori "ez da aldatu", eta herrian "akordio bat lortzeko, gauzak zentzuz egiteko eta gehiengo alternatibo hori sendotzeko gaitasun nahikoa izatea" espero du. "Horixe nahi dut", azpimarratu du.

Koalizio abertzalearen buruaren esanetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 145 alkatetza (duela lau urte baino 21 gehiago) eta 1.402 zinegotzi (2019an baino 138 gehiago) lortu dituzte. Horren arabera, "jendeak ezker independentistaren kudeaketa politikoa saritu du". Testuinguru horretan, "ziklo aldaketa" hasi dela berretsi du, eta printzipio gisa "eskuina gelditzea" espero dutela erantsi.

Otegiren ustez, udal jakin batzuk osatzeko lanetan egiaztatu denez, maiatzaren 28an "iragarritako ziklo politiko berriaren aldaketak" nolabaiteko lurrikara eragin du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Foru Erkidegoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Bermeo Politika Herriak eta Hiriak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak