Politika -
Batzar Nagusiak
Osatuta geratu dira Arabako Batzar Nagusiak, Irma Basterra jeltzalea presidente dela
Vox ez beste taldeek ordezkaritza izango dute Mahaian. Eva Jimenez (PSE-EE) eta Nerea Martinez (EH Bildu) izango dira bi presidenteordeak, eta Jose Damian Garcia (Elkarrekin Podemos) eta Miguel Garnica (PP) idazkariak.
Agentziak | EITB MEDIA
XII. legegintzaldiko Arabako Batzar Nagusiak gaur geratu dira eratuta, Irma Basterra jeltzalea presidentea dela. M28ko foru hauteskundeen ondotik, osatzen lehenak izan dira Arabako Batzar Nagusiak (Bizkaikoan, hilaren 22an egingo dute bilkura, eta Gipuzkoan zehazteke dago data).
Horrenbestez, EAJren esku jarraituko du Batzar Nagusietako Presidentetzak. Jeltzaleek irabazi zituzten hauteskundeak, 15 batzarkide eskuratuta (2019an baino 2 gutxiago). EH Bildu izan zen bigarren, 14 ordezkarirekin (+2), eta PSE-EE hirugarren, 9 batzarkiderekin (-1). Elkarrekin Podemosek 3 eserleku lortu zituen (-1), eta Vox bertan sartu zen, ordezkari batekin.
Hiru bozketa egin behar izan dituzte. Lehenengoan, Basterrak bildu ditu boto gehien, bere alderdiak emandakoez gain, PSE-EEren botoak eskuratu baititu. Aiarako EAJren zerrendaburua eta orain arte Lurralde Orekako diputatu izan da Basterra. EH Bilduk bere hautagaiaren alde egin du, Elkarrekin Podemosen babesarekin. PPk zuri bozkatu du.
Bigarrenean, Presidenteordetzak aukeratzeko, Eva Jimenez (PSE-EE) eta Nerea Martinez (EH Bildu) izan dira bozkatuenak. Hirugarrenean, amaitzeko, Jose Damian Garcia (Elkarrekin Podemos) eta Miguel Garnica (PP) hautatu dituzte idazkari.
Aurreko Mahaian ez bezala, Elkarrekin Podemosek ordezkaria izango du erakundean. Hori horrela, Vox ez beste taldeek izango dute lekua Arabako Batzar Nagusietako Mahaian.
Bizkaia
Bizkaian, berriz, ekainaren 22an, ostegunarekin, osatuko dira Batzar Nagusiak, 10:00etan hasita, eta Ana Otadui jeltzaleak jarraituko du bertan presidente izaten. Lurralde horretan, mahaiburua gehiengo osoz aukeratzen da lehen bozketan. Inork lortu ezean, bozketa errepikatuko da boto gehien lortu dituzten bi hautagaietako bat hautatzeko, eta boto gehien jasotzen dituen pertsona hautatuko dute presidente.
Bi presidenteordeak aldi berean aukeratuko dira. Ahaldunek izen bat idatziko dute boto-paperean, eta hurrenkera korrelatiboan hautatuko dira boto gehien lortzen dituzten bi pertsonak. Idazkariak hautatzeko, formula bera erabiliko da.
Presidenteak Batzar Nagusiak behin betiko eratutzat jo ostean amaituko da osoko bilkura, eta beste osoko bilkura bat egingo da ordubete geroago, Bateraezintasunen Behin-behineko Batzordea izendatzeko. Horrez gain, ahaldun nagusia izendatzeko osoko bilkura iragarriko da.
Gipuzkoa
Gipuzkoaren kasuan, oraindik ez dago datarik hurrengo legegintzaldia abiatzeko, maiatzaren 28ko hauteskundeetan hautatutako batzarkideek oraindik ez baitituzte akreditazioak jaso. Bitartean, EAJk eta PSE-EEk koalizio gobernua osatzeko negoziazioak azkartu dituzte. Bi alderdiek proposamen bat egin diete gainerako taldeei, eta Batzar Nagusietako Presidentetza EH Bilduri eskaini diote, indar bozkatuena baita. Planteamendu horren arabera, talde guztiek izango lukete ordezkaritza Mahaian, handienetik txikienera; beraz, lehen presidenteordea EAJrentzat izango litzateke, bigarrena PSE-EErentzat, eta bi idazkariak, PPrentzat eta Elkarrekin Podemosentzat.
Proposamena ez du begi onez hartu EH Bilduk. Maddalen Iriarte Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak atzo sare sozialetan zabaldutako mezu labur batean esan zuenez, PP Mahaian sartzea "EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren lehen ondorio politikoa da".