Politika -
M28
EAJk irabazi ditu bozkak Arabako Batzar Nagusietan, baina botoetan eta batzarkide kopuruan atzera eginda
Jeltzaleek 15 batzarkide eskuratu dituzte, 2019an baino bi gutxiago. EH Bilduk, aldiz, datuak hobetu ditu, bi ordezkari gehiagorekin (14). PSE-EE da hirugarren, ordezkari bat galduta (9), eta PPrekin batzarkide kopuruan berdinduta (+1). Vox Batzar Nagusietan sartu da.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
EAJ nagusitu da, duela lau urte bezala, Arabako foru hauteskundeetan, botoen % 97 kontatuta dagoela. Garaipena gorabehera, babesean eta batzarkide kopuruan atzera egin dute jeltzaleek (15 batzarkide, bi gutxiago). EH Bilduk, aldiz, datuak hobetu ditu, bi ordezkari gehiagorekin (14). PSE-EE da hirugarren, ordezkari bat galduta (9), eta PPrekin batzarkide kopuruan berdinduta (+1). Vox Batzar Nagusietan sartu da.
Jeltzaleek botoen % 25,88 eskuratu dituzte, 2019an baino % 3 gutxiago, eta 15 batzarkide, duela lau urte baino bi gutxiago.
Koalizio abertzalea bigarren tokian sendotu da, boto portzentajean gora eginda (% 24,98) eta bi ordezkari gehiagorekin (14). EH Bilduk EAJrekin duen aldea txikitu du, eta puntu eskasera dago orain.
Sozialistak dira hirugarren, batzarkide bat gutxiagorekin bada ere (9). PSE-EEk botoen % 18,55 lortu ditu, 2019ko emaitzekin alderatuta apur bat jaitsita.
PPk gora egin du, eta sozialisten batzarkide kopuru bera eskuratu ditu (9). Botoetan ere gora egin du, % 16,90 (bi puntu hazi da).
Elkarrekin Podemosek, aldiz, atzera egin du: 3 batzarkide izango ditu, botoen % 7 lortuta, 2019an baino hiru puntu gutxiago.
Azkenik, Vox Arabako Batzar Nagusietan izango da, batzarkide bat lortu baitu, ozta-ozta bada ere (botoen % 3,10).
Parte-hartzea % 57,85ekoa izan da, duela lau urte baino zazpi puntu txikiagoa.