Politika -

M28

EAJk irabazi du Bizkaiko Batzar Nagusietan

Jeltzaleek hiru eserleku galdu dituzte, eta EH Bildu bigarren tokian sendotu da, PSE-EEren, PPren eta Elkarrekinen aurretik.

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Botoen % 98 zenbatuta, Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) irabazi ditu Bizkaiko Batzar Nagusietako hauteskundeak, baina bigarren indarrak, EH Bilduk, aldea murriztu dio.

Elixabete Etxanoberen alderdiak botoen % 38 (5 puntu gutxiago) eta 22 eserleku (3 gutxiago) eskuratu ditu.

Euskal Herria Bilduk, bestalde, bigarren postua sendotu du Bizkaiko lurralde historikoan. Botoen % 24 eskuratu ditu, eta gehien igo den indarra da (4 puntu gehiago). 15 eserleku izango ditu Batzar Nagusietan, aurreko legealdian baino 5 gehiago.

Hirugarren postuan geratu da PSE-EE, botoen % 16rekin (aurrekoetan lortutako portzentaje bera). 9 eserleku izango ditu (batzarkide bat gehiago).

PPk 2 puntu egin du gora, botoen % 8 eskuratuta. Ordezkari popular bat gehiago egongo da Batzar Nagusietan: guztira, 3 batzarkide. Horrela, laugarren postua kendu dio Elkarrekin koalizioari.

Ahal Dugu, Ezker Anitza, Berdeak Equo eta Aliantza Berdea alderdien arteko Elkarrekin koalizioak botoen % 7 eskuratu ditu, eta 2 batzarkide izango ditu, 4 galduta.

Ikusi hemen udal eta foru hauteskundeetako emaitzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Ezker Anitza Bizkaiko Foru Aldundia Elixabete Etxanobe albisteak