Politika -

Bizkaiko 113. udalerria

Gaur eratuko dute Usansolo 2027. urtera arte gobernatuko duen batzorde kudeatzailea

11 kideetatik 8 Usansolo Herria plataformakoak dira, eta 3, EAJkoak. Dena dela, M28aren ostean, aldaketak egon litezke banaketan. Gainera, Estatuko Abokatutzak desanexioaren aurka aurkeztutako helegitea ebazteko dago.

Usansolotarrak desanexioa ospatzen, azaroan.
Usansolotarrak desanexioa ospatzen, azaroan.
Usansolotarrak desanexioa ospatzen, azaroan.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gaur eratuko dute Bizkaiko 113. herri gisa Usansoloko Udala gobernatuko duen batzorde kudeatzailea, Bizkaiko Foru Aldundiak duela astebete izendatu ondoren. 

Hain zuzen ere, 11 kidek osatuko dute batzordea: 8 batzordekide Usansolo Herria (UH) plataformakoak izango dira, eta beste 3ak, EAJkoak. Banaketa 2029ko udal hauteskundeen emaitzen arabera zehaztu du Aldundiak, Hauteskunde Batzorde Zentralak hala ebatzita. Dena dela, maiatzaren 28ko bozen ondotik baliteke banaketa hori aldatzea

Udal hauteskundeetan, Galdakaoko Udaleko ordezkariak aukeratu beharko dituzte usansolotarrek. Izan ere, Usansolo oraindik ez dago tokian tokiko erakundeen erregistroan izena emanda, eta, ondorioz, ez du errolda propiorik. Horregatik ebatzi zuen Hauteskunde Batzorde Zentralak 2019ko emaitzak kontuan hartzea. 

Behin batzordea eratuta, erakundeak 30 egun izango ditu tokian tokiko erakundeen erregistroan izena ematea eskatzeko. Onartuko baliote, Hauteskunde Batzordeak M28ko emaitzen araberako banaketa zehaztu beharko luke. 

Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan onartu zuten Galdakaoko Udalak Usansolo udalerri independente bihurtzeko egindako eskaera, eta Bizkaiko 113. udalerri bihurtu zen ordura arte Galdakaoko auzo izandakoa. Estatuko Abokatutzak erabaki horren kontrako helegitea aurkeztu zuen EAEko Auzitegi Nagusian, Usansolok Estatuko araudiak ezarritako biztanle kopurua baino gutxiago duela argudiatuta —5.000 eskatzen ditu legeak, baina Usansolok 4.500 pasatxo ditu—. Auzitegiak ez zuen onartu erabakia behin-behinean baliogabetzea, baina auzia zabalik dago oraindik

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Euskal herriak Galdakao Bizkaia EAE albisteak Eguneko albisteak Albisteak Bizkaiko Foru Aldundia Zer gertatu da gaur Usansolon?