Politika -

Hezkuntza Legea

EH Bilduk "galtzen utzi ezin den aukera historiko bat" ikusten du Hezkuntza lege proiektuan

Koalizio abertzaleak iragarri du "gai zehatzei" zuzenketak egin dizkiela, baina, horren ustez, "lege-proiektu honetan nahikoa oinarri dago eztabaida parlamentarioari ekin eta legegintzaldi honetan lege on bat lortzeko".

Pello Otxandiano, EH Bildu. Argazkia: EH Bildu
Pello Otxandiano, EH Bildu. Argazkia: EH Bildu
Pello Otxandiano: ''Hezkuntza-tradizio bakoitzaren onena jasoz ikuskatzen dugu eraldaketa''

1:10

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal hezkuntzaren eraikuntzan "jauzi eraldatzaile bat" emateko "aukera historiko" gisa ikusten du EH Bilduk atzo Eusko Jaurlaritzak onartutako Hezkuntza lege proiektua, eta, horren ustez, "nahikoa oinarri dago legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak lege on bat adosteko" eta "Estatu-itun bat" erdiesteko. Horretarako, koalizioaren iritzian, "hezkuntza tradizio bakoitzaren onena" jaso eta uztartu behar dira: "ikastolen gaitasun autoeratzailea" eta "eskola publikoaren sen berdinzalea".

Donostian eskaini duen prentsaurrekoan, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak lege-proiektuaren inguruko gogoeta egin du. Hasierako zirriborrotik aurrerapausoak daudela esan du, "funtsezko aldaketak norabide onean". Besteak beste, "diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek bete beharreko baldintzak, segregazioaren kontrako funtsezko neurriak, doakotasun errealera iristeko neurri zehatzak eta hizkuntzaren atala" aipatu ditu hobetu diren puntuen artean.

Zure interesekoa izan daiteke: Hezkuntza lege proiektua: ardatzak eta jomugak

Hizkuntzen ikaskuntzari dagokion atalean jarri du arreta berezia. Otxandianok esan duenez, "lege-proiektu honek gainditu egiten ditu hizkuntz ereduak, eta hizkuntza politikaren paradigma berri batean kokatzen gaitu", legeak ezarritako helburuak "ezin direlako bete" orain arteko sistemarekin. Erantsi du helburua "euskaldun eleaniztunak sortzea" dela, eskolak hiztun osoak sortzeko duen ahalmenaren mugak esploratuz.

Halaber, koalizioak "begi onez" ikusten du legearen zioetan euskara "egoera minoritario eta minorizatuan" dagoela gehitu izana, euskararen ikaskuntza euskal kulturaren transmisioarekin lotzea eta ikastetxeko hizkuntza proiektuak ebaluatzeko araubidea garatzeko betebeharra jaso izana.

EH Bilduk zuzenketak aurkeztuko ditu, hainbat gai zehatzetan "zer hobetu" badagoela iritzita, "legerik onena lortzea" helburu. Gainerako alderdi eta eragileekin ados jartzeko "prestutasun osoa" adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Pello Otxandiano albisteak