Udal eta foru hauteskundeak -
Euskadiko PP
Iturgaizek salatu du EAJk "lege toxikoak" babesten dituela
Euskadiko PPko presidenteak igande honetan defendatu duenez, maiatzaren 25eko hauteskundeek "Nuñez Feijoo Moncloara eramatea dute jomuga, azken helburua izan behar baita".
Agentziak | EITB Media
Carlos Iturgaiz EAEko PPko presidenteak gaitzetsi egin du EAJk Espainiako Gobernuaren lege "toxikoak" babestea, eta galdetu du ea noiz eskatuko duen barkamena 'bai bakarrik da bai' legea onartzeagatik. Halaber, ohartarazi du PSE-EEri botoa ematea "bortxatzaileak askatzen dituzten legeak bozkatzea" dela, eta EAJri ematea "Pedro Sanchezen lekaioa" den alderdi bat bozkatzea dela.
Iturgaiz Portugaleten izan da, Santiago Lopez alkategai popular gisa aurkezteko egin duten ekitaldian, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidentearekin, Laura Garrido alderdiko idazkari nagusiarekin eta Beatriz Fanjul diputatuarekin batera.
Bere agerraldian, Bizkaiko Ezkerraldeak pairatzen dituen langabezia kopuru altuak salatu ditu Iturgaizek, bereziki gazteen artean, "Bizkaia osoan langabezia gehien duen eskualdea delako eta Euskadi osoan ehuneko handiena duen bigarrena", % 30eko tasarekin.
Jeltzaleen eta sozialisten egungo lan politikek "porrot izugarria" egin dutela salatu ondoren, maiatzaren 25eko hauteskundeak "oso garrantzitsuak" direla ohartarazi du.
"Alberto Nuñez Feijoo Moncloara eramateko bitartekoa dira, eta horrek izan behar du azken helmuga. Hauteskunde urte honetan, Euskadik eta Espainiako gainerako herrialdeek behar duten premiazko aldaketa aurkeztu behar dugu, une zailak bizi baititu, historiako gobernurik txarrena dugulako krisi unerik txarrenetako batean", berretsi du.