Politika -
Agiri sekretuak
Horrelakoa da Espainiako Gobernuak onartutako sekretu ofizialen legearen aurreproiektua
Goi sekretuak desklasifikatzeko 50 urteko epemuga ezarriko du, baina beste 15 urtez luzatzeko aukera ere, sekretua 40 urte (10 urtez luzatzeko aukera), informazio konfidentziala 7 urtetik 10era eta informazio mugatua 4 urtetik 6ra.
EITB Media
Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak sekretu ofizialen legearen aurreproiektua onartu du astelehen honetan. Horren arabera, Estatuaren "goi sekretuak" klasifikatuta egon ahalko dira gutxienez 50 urtean (gaur-gaurkoz, epe mugagabea dute) eta Presidentetza Ministerioak izango du horien ardura.
Felix Bolaños Presidentetza ministroak prentsaurrekoan azpimarratu duenez, legeak "araudi guztiz frankista atzean uztea ahalbidetuko du".
Araudiaren izen ofiziala Informazio Klasifikatuen legea izango da, eta lau babes kategoria ezarriko ditu: "goi sekretua", "sekretua", "informazio konfidentziala" eta "informazio mugatua".
Babes kategoriaren arabera, agiriak desklasifikatzeko epeak ezberdinak izango dira. Hala, "goi sekretuek" gutxienez 50 urtean egon ahal dute klasifikatuta, eta "informazio mugatuak", lau urte, epea luza baitaiteke ere.
Horrela, goi sekretua desklasifikatzeko 50 urteko epemuga ezarriko du, baina beste 15 urtez luzatzeko aukera ere, sekretua 40 urte (10 urtez luzatzeko aukera), informazio konfidentziala 7 urtetik 10era eta informazio mugatua 4 urtetik 6ra.
Bolañosek gogorarazi duenez, horretarako eskumena duten agintariek epeak edozein unetan aztertu ditzakete berriro. Ministroaren ahotan, "arrazoizko" epeak dira.
Gaur-gaurkoz, mugagabe manten daitezke agiriak klasifikatuta.
EAJren ustez, Espainiako Gobernuak onartu duen sekretu ofizialen legearen aurreproiektua "etsigarria da eta berandu dator".
Aurreproiektua zuzentzea eskatu dio EH Bilduk Espainiako Gobernuari, "emandako hitza betetzen ez duelako, ezta eskakizunei erantzun ere".