Politika -
Hizkuntza eskubideak
PSOE, PP, C's eta Voxek Diputatuen Kongresuan hizkuntza koofizialetan hitz egin ahal izatea errefusatu dute
Valentzia, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko diputatuek hizkuntza propioa erabili dute Kongresuko presidentearen aurrean. Tribunan katalanez, galegoz eta euskaraz hitz egin dute; nahiz eta batzuei minutu batzuk eman, Ganberako presidenteak gehienei hitza kendu die.
Agentziak | EiTB Media
PSOE, PP, Vox eta Ciudadanosek Diputatuen Kongresuan eta batzorde parlamentarioetan hizkuntza koofizialetan hitz egin ahal izateko, Ganberako araudia aldatzea errefusatu dute.
Eztabaidan, Valentzia, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko diputatuek hizkuntza propioa erabili dute Kongresuko presidentearen aurrean. Tribunan katalanez, galegoz eta euskaraz hitz egin dute; nahiz eta batzuei minutu batzuk eman, Ganberako presidenteak gehienei hitza kendu die.
Ganberan eta batzorde parlamentarioetan hizkuntza koofizialetan hitz egin ahal izateko, Kongresuko araudia aldatzea proposatu dute ERCk, EAJk eta Talde Anitzak. Ekimena gaur eztabaidatu eta bozkatu dute.
ERCko diputatua gaztelaniaz hasi da hitz egiten. Herrialde berean gaztelania inposatzea eta ama hizkuntzan hitzaldi bat eman ezin izatea anomalia bat dela defendatu du. Berehala, katalanez hasi da berba egiten, "Espainia anitzaren hipokresia" salatzeko, "gaztelania bakarrik existitzen delako".
Alfonso Rodriguez de Celis Kongresuko Mahaiko lehen presidenteordeak diputatuari bi aldiz kargu hartu dio, eta azkenean tribunatik jaitsi da. JxCAT, BNG eta CUPeko diputatuekin gauza bera gertatu da.
PDeCAT, EAJ eta EH Bilduko bozeramaileek, aldiz, argudioak aldi berean itzultzea erabaki dute. Horrela, hizkuntza ofizialak "ikusezinak" izatea eta Kongresuan esaldi laburrak soilik onartzea kritikatu du Mertxe Aizpurua EH Bilduko ordezkariak.
"Espainiako hizkuntzak direla diotenek, baina izateko ezer ere egiten ez dutenak", kritikatu ditu Jose Agirretxea EAJko diputatuak, "gaztelaniaren nagusitasuna" nahi dutelako.