Politika -

Mendebaldeko Sahara

Eusko Legebiltzarrak gaitzetsi egin du Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz hartutako jarrera

EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU alderdiek aurkeztutako Legez Besteko Proposamen bat onartu da, sahararren auziari babesa eman eta nazioarteko ebazpenekiko eta saharar herriaren autodeterminazio askerako eskubidearekiko errespetua aldarrikatzeko.

Saharar herriaren ordezkaritza bat izan da gaur goizean Legebiltzarrean. EITB
Saharar herriaren ordezkaritza bat izan da gaur goizean Legebiltzarrean. EITB
Legebiltzarrak Saharari babesa agertu dio, eta Sanchezen jarrera aldaketa errefusatu du

1:17

O. P. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak Legez Besteko bi proposamen eztabaidatu ditu gaur, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Saharari buruz duen jarrerari buruzkoak.

Lehenengoa EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztu dute, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuko presidenteak Marokoko erresumak Sahararen autonomiari buruz egindako proposamenari emandako babesa errefusa dezan eskatzeko. Aldeko 64 botorekin, kontrako 10ekin (PSE-EE) eta abstentzio 1ekin (Vox) onartu da testua.

Espainiako Estatuak erantzukizun zuzena du Mendebaldeko Saharako gatazka politikoan, ekimena aurkeztu duten alderdien arabera; hori dela eta, Espainiako Gobernuari eskatu diote Nazio Batuen Erakundean, EBn eta gainerako nazioarteko erakundeetan modu aktiboan babestu eta sustatu dezala Nazioarteko Zuzenbidearen eta NBEren ebazpenen araberako konponbide politikoa, saharar herriaren autodeterminazio askearen eskubiderako oinarrizko printzipioa errespetatuz eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (DRAS) onartuz.

Aldi berean, Staffan de Mistura Sahararako ordezkari pertsonalak gatazkaren aldeen arteko negoziazio-prozesu politikoari berrekiteko egiten dituen ahaleginak babesteko eskatu diete gobernuei.

Testuaren aurkezpenean, Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak bere taldearen baldintza gabeko babesa adierazi dio saharar herriaren kausari eta Fronte Polisarioari, "bere nazio askapenerako borrokan"; izan ere, azaldu duenez, "Afrika iparraldeko egonkortasuna ezin da gauzatu nazioarteko legeriari iseka eginez eta duela hamarkada gehiegitik hona modu ausartean borrokatzen den herri bat desagerraraziz. Ezin da indarraren zuzenbidea zuzenbidearen indarraren gainetik jarri", azpimarratu du.

Josu Estarrona EH Bilduko ordezkariak galdetu du zer ote dagoen Pedro Sanchez presidentearen jarrera aldaketaren eta hartutako aldebakarreko erabakiaren atzean. «Zeren truke? Zer da horren garrantzitsua sahararren konpromisoari, ametsei eta konfiantzari traizio egiteko?

Maitane Ipiñazar jeltzaleak saharar herriaren autodeterminazio askerako eskubidearen ideia azpimarratu du, "Espainiako Gobernuak eta Marokoko erresumak ezin dute saharar herriaren etorkizunaz erabaki, saharar herria da bere herriaz eta etorkizunaz erabaki dezakeen bakarra" berretsi du.

PP+Cs taldearen ekimenaPP+ Cs taldeak aurkeztutako ekimenak (forma kontu batengatik ez da bozkatu) berretsi egin ditu legebiltzarreko organoek orain arteko legegintzaldietan Mendebaldeko Sahararen egoerari, Nazio Batuen ebazpenak betetzeari, erreferenduma egiteari eta lurralde okupatuetan giza eskubideak urratzea gaitzesteari buruzko egindako adierazpen instituzional guztiak.

"Ganbera hau ezin da isilik geratu Sanchez presidenteak Marokoko Erresumak 2007an egin zion proposamenari (ezinezko autonomia bati buruz, subiranotasunik ez dagoen heinean) alde bakarreko onarpena emateak dakarren errebindikazio juridiko, politiko eta diplomatikoaren aurrean", azpimarratu du.

Carmelo Barrio legebiltzarkide popularrak gogora ekarri ditu "hemen eta basamortuan eman izandako lanorduak eta egindako bilerak", bai eta Aljeriako saharar errefuxiatuen kanpamenduetara eta Mendebaldeko Saharako Marokok okupatutako lurraldeetara egindako bidaiak. Haietan euskal parlamentari askok parte hartu dutela gogorarazi du, "xede berarekin aritu ere, saharar herriaren kausari eta haren askatasunari babesa emateko. Gaur hori guztia gogoratu nahi dugu, atzerapausorik eman beharrik izan gabe", esan du.

"Eusko Legebiltzarrak inoiz protagonismoren bat izan badu sahararren kausaren alde, euskal gizartea izan da, 47 urteren ondoren, Espainia zorretan duen herri horrekiko elkartasuna eta maitasuna hobekien adierazi izan duena".

PSOEk "oportunista" jo ditu erreakzioak

Txarli Prieto legebiltzarkide sozialistak irmo defendatu du Sanchezen Gobernuak hartutako jarrera, "Alderdi Sozialistak Mendebaldeko Sahararen egoerari konponbide bat emateko duen konpromisoa zalantzarik gabekoa izan da, da eta izango da beti".

Prietok ganberako kideen artean "pentsamendu bakarra" egotea gaitzetsi du, eta Sanchezek Marokoko erregeari bidalitako gutunaren ondorioz sortutako adierazpenak "esajeratuak, oportunistak eta okultistak" direla salatu du.

"Esajeratuak dira, juridikoki nazioarteko zuzenbidearen kontra joatea leporatzen zaiolako eta horrek gatazka areagotzea ekar omen dezakelako; ezjakintasunetik edo gaiztakeriatik bakarrik egin daitezkeen adierazpenak dira horiek. Kritikak oportunistak dira, hausnarketarik eta proportzionaltasunik gabe egiten diren heineanl, helburua ez delako gutuna bera, alderdi sozialistaren higadura intentzionatua baizik; eta okultistak, gutun horretan ez dagoelako nazioarteko ebazpenetan jasota ez dagoen termino, adierazpen eta orientazio bakar bat ere".

"Traizio bikoitza", Voxen arabera

Amaia Martinez Voxeko ordezkariak Sahara Marokori eman izana erabaki "arduragabea eta interesatua" da.Sanchezek Marokoko erregeari bidalitako eskutitzak traizio bikoitza dakar Martinezen iritziz, "batetik, bere potentzia administratzaile garen saharar herriari traizioa eta, bestetik, Espainiako herriari egindakoa, erabakia aldebakarrez hartu izanagatik, bere gobernuarekin ere kontrastatzeko adorerik izan gabe". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Mendebaldeko Sahara Maroko