Politika -
ABERRI EGUNA 2022
"Pertsona aske eta berdinen Euskal Errepublika" defendatzera dei egin du EH Bilduk
Koalizio abertzaleak elkarretaratzea egin du Atarrabian, Nafarroako Auzitegi Administratiboak bertako frontoian margotuta zegoen Euskal Herriko armarria ezabatzeko agindua eman duela salatzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
"Nafarroa ez dela inongo Euskal Nazioaren parte esaten duten horientzako mezu bat: apirilaren 17an milaka euskal herritar bilduko gara Iruñean. Amaiurren garaitu ez gintuztelako jarraitzen dugu zor zaigun burujabetza galdegiten" adierazi du gaur EH Bilduk, apirilaren 17an, Aberri Egunean parte hartzeko deia eginez.
Koalizio abertzaleak elkarretaratzea egin du Atarrabian, Nafarroako Auzitegi Administratiboak bertako frontoian margotuta zegoen Euskal Herriko armarria ezabatzeko agindua eman duela salatzeko. Bertan, Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak adierazi du "hainbat sektore politiko eta judizial euskal kutsua duen edozeren aurka" ari direla.
Mahai gainean daude bi eztabaida garrantzitsu zehaztu ditu: Nafarroako elkarbizitza plana -zer eraiki daitekeen inposaketarekin galdetu du- eta duela 40 urte "eliteek onartu zuten Erregimen Foralaren Berreskuratzea eta Amejoramendua, inolako erreferendumik gabe Nafarroa gainontzeko euskal lurraldeetatik aldendu zuena".
"40 urte beranduago, bide demokratikoak ireki eta nafarrok subjektu politiko gisa gure erabakiak hartzeko garaia da" esan du Ruizek eta ildo horretan, berretsi du EH Bilduk "Nafarroa demokratiko eta pertsona aske eta berdinen Euskal Errepublika eraikitzeko lanean" jarraituko duela.