Politika -
Presoak
Sarek "elkarlanean" aritu nahi du 2022an amai dadin "salbuespenezko espetxe politika"
Sare herritarrak txosten bat argitaratuko du hilabete honetan, eta bertan jasoko ditu azken hiru hamarkadetako kartzela politikari buruzko azterketa eta "etorkizunari begira egiteko falta dena".
agentziak | eitb media
Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileak adierazi du alderdi politiko guztiekin hitz egiten jarraituko duela ETAko presoei ezartzen dieten "salbuespenezko" espetxe politika amai dadin. Horren harira, "elkarlanean" aritzeko deia egin du.
Atzo 200 manifestazio inguru egin ziren Euskal Herri osoko herri eta hirietan ETAko presoen aurkako "salbuespenezko politika" salatzeko.
Azkarragak txalotu egin du atzokoan egin ziren ekitaldiak, herritarrek erantzun ona eman zutela iritzita. Izan ere, Sareren bozeramaileak esan du atzo "dozenaka milaka" pertsona atera zirela kalera.
Horregatik, "helburua lortzeko bidean aurrera" egitearen alde egin du, eta iragarri du urtarrilean txosten bat argitaratuko dutela azken hiru hamarkadetako kartzela politikari buruzko azterketa eta "etorkizunari begira egiteko falta dena" azaltzeko.
Era berean, jakinarazi du Sarek orain arte bezala jarraituko duela lanean "euskal gehiengo politiko eta sindikalarekin" elkarlanean. "2022ak egoera honen amaiera ekarri behar du; bestela porrot kolektibo bat izango litzateke", gaineratu du.
Hala eta guzti ere, Azkarragak aitortu du "bidea" dagoela egiteko oraindik "helburua" lortzeko, eta EAJk manifestazioetan ez parte hartzeko erabakia hartu badu ere, Sareren ordezkariak uste du "erabat bateragarria" dela erakundeetan lan egitea eta kalera ateratzea.
"Garrantzitsuak dira Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan osatu diren gehiengo politikoak, eta hori bateragarria da herritarrak kalera atera eta manifestazioak egitearekin. Guk alderdi politiko guztiekin lan egiten jarraituko dugu eta elkarlanean aritzen saiatuko gara. Ez dugu gatazkarik sortu nahi gai horrekin, zeren elkarrekin egingo dugu, edo ez dugu egingo", azpimarratu du.