Politika -
ERABAKITZEKO ESKUBIDEA
Burujabetzarako bideari ekiteko tresnak eskatu dizkie Gure Eskuk erakundeei
Arantzazuko Adierazpena aurkeztu du, gaur, erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendu herritarrak. Gizarte zibilari "inplikazioa" eskatu dio.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
Burujabetzarako bidean "jauzi bat" egiteko ordua dela sinetsita, "esku guztiak norabide berean jarri" eta "eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin bidea" egitera deitu du Gure Esku herri plataformak, gaur goizean plazaratu duen adierazpenean. Prozesuan inplikatzeko eskatu diote gizarte osoari, eta horretarako tresnak mahai gainean jar ditzala, erakundeei: "tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste, erreferendumak".
Oñatin aurkeztu dute adierazpena, gaur eguerdian, Arantzazuko Gandiaga Topagunean, eta hortik, aldarrikapenari jarri dioten izena: Arantzazuko Adierazpena. Gizarteko alor eta esparru guztietako dozenaka eragile bildu dira ekitaldian, eta Pilar Kaltzada kazetari eta idazeak eta Andoni Aizpuru aurkezleak irakurri dute testua hedabideen aurrean. Jakitera eman dutenez, orain arte, 100 eragile baino gehiagok egin dute bat adierazpenarekin, besteak beste, Juan Jose Ibarretxek, Laura Mintegik, Garbiñe Aranburuk, Rafa Diez Usabiagak, Nekane Balluerkak, Iñaki Goirizelaiak, Eguzki Urteagak, Ramon Zallok edota Garbiñe Biurrunek.
Bereziki, erakundeen konpromisoa jo dute ezinbestekotzat "herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko". "Euskal herritar gehienok ez dugu indarrean dagoen marko juridiko-politikoa berresteko edo aldatzeko aukerarik izan. Guk ez dugu aukeratu hiru eremu administratibotan eta bi estatutan bizitzea. Ezin dugu halako erabakiak beste inoren eskuetan egotea onartu, guk geuk hartu behar ditugu", jasotzen du, hitzez hitz, testuak.
Erronka globalek "mundu mailako neurriak" eskatzen badituzte ere, neurriok "tokian tokiko erantzunetatik" etorriko direla uste du Gure Esku plataformak. Horregatik, etorkizuna "gertuko burujabetzatik, herri kohesioa bermatzen duen burujabetzatik" eraiki behar dela nabarmendu dute.