Politika -
radio euskadi
Nahikoa baliabide dagoela eta 900 osasun-langile baino gehiago kontratatu dituztela esan dute EAJk eta PSEk
Oposizioko taldeek, berriz, aurreikuspen eza leporatu diote Eusko Jaurlaritzari, eta errefortzuak behar baino lehen kendu dituela diote.
eitb media
Eguneko bi mila kasu baino gehiagorekin eta ZIUetan ia ehun covid gaixo direla, oposizioak salatu du Eusko Jaurlaritza ez dela behar beste baliabide ipintzen ari, seigarren olatuaren gorakada gelditzeko. Aldiz, EAJk eta PSEk, koalizioan gobernatzen duten alderdiek, goitik behera ukatu dute oposizioko alderdiek esandakoa. Leixuri Arrizabalaga jeltzaleak eta Ekain Rico sozialistak jakitera eman dutenez, azken asteotan "900 osasun-langile baino gehiago kontratatu edo berritu ditu Osakidetzak". Hori, adierazi dutenez, covidaren aurkako borrokan "nahikoa baliabide" ipintzen ari direnaren adibide aski ona da.
Oposizioaren ustetan, berriz, seigarren olatuak "ustekabean" harrapatu du Eusko Jaurlaritza. EH Bildu alderdiko Iker Casanovak adierazi du Jaurlaritza "nokeatuta" eta "erdi lo" dagoela, eta seigarren olatua "gainetik igaro" zaiola. Zentzu horretan, gobernuari leporatu dio ospitaleetako eta lehen-mailako arretako errefortzuak "behar baino lehen" kendu izana. Gainera, Casanovaren aburuz, Eusko Jaurlaritzak eztabaida desbideratu nahi du, "covid ziurtagiriarekin, Gabonetako desfileekin edo Santo Tomasekin batera".
Iñigo Martinez Elkarrekin Podemos-IU taldeko ordezkariak, berriz, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela "erreakzio ahalmenik" izan, eta "aurreikuspen eza" egotzi dio. Martinezek gogorarazi du kontratatutako 4.000 osasun-langileak mantentzeko eskatu zuela bere koalizioak aurrekontuen negoziazioan, baina Gobernuak eskaerari uko egin ziola.
Bere aldetik, Carmelo Barrio popularrak, PP-Cs koaliziokoak, uste du Eusko Jaurlaritza "geldirik" dagoela, eta "penagarri" gisa izendatu du "gobernu desberdinen arteko ikuskizuna".