Politika -
2022ko aurrekontuak
Gorrotxategiren esanetan, Eusko Jaurlaritzak "akordio bat sinatzea nahikoa zail" jarri die
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, ostera, pozik agertu da bilera ondoren, Elkarrekin Podemos-IUk adostasunari "atea itxi ez" diolako.
Agentziak | EiTB Media
Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak ostiral honetan adierazi duenez, 2022ko aurrekontuen inguruan Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako kontraproposamenak "akordio bat sinatzea nahikoa zail" jartzen die.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarekin bigarren bilera egin du Elkarrekin Podemos-IUk Bilboko Burtsan. Gorrotxategik azaldu duenez, Jaurlaritzak 72 milioi euroko aurrekontu-sailak aldatzea eskain die, baina koalizio morearentzako "herria antolatu" behar duten hiru neurriak onartzen ez dituztela "argi utzi" diete.
Elkarrekin Podemos-IUk 23 neurri aurkeztu zituen lehen bileran; guztira, 500 milioi euro. Horietako hiru "estrategikoak" direla uste du koalizioak
Osasun alerta bukatu ondoren kontratua berritu ez zitzaien 4.000 langileak berreskuratzea, "segregazioaren gaitzarekin" amaitzeko eskola publikoa ekonomikoki indartzeko ituna eta energia enpresa publiko bat sortzea edo Energiaren Euskal Erakundea energia ekoizteko eta merkaturatzeko enpresa bihurtzea dira hiru neurri horiek.
Nahiz eta Jaurlaritzak hiru neurriak onartzen ez dituela argi utzi, negoziatzen jarraitzeari ateak ixten ez dizkiola esan du Gorrotxategik.
"Lantaldeak bilduko ditugu balorazio orokorrago bat egiteko, kanpoan utzi dena eta barruan sartu dena kontuan hartzeko, nahikoa den ala ez erabakitzeko", azaldu du koalizioko bozeramaileak.
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua, aldiz, pozik agertu da bilera ondoren, Elkarrekin Podemos-IUk adostasunari "atea itxi ez" diolako.
Azpiazuk azaldu duenez, Elkarrekin Podemos-IUri 72 milioiko eskaintza egin diote, eta bere planteamenduan jasotako politikak bildu dituzte. Konkretuki, Gobernuak 30 milioi euro eskaini ditu Osasun arloan, zortzi milioi ingurumenerako, beste zortzi milioi hezkuntza zentroetako inbertsioetan eta milioi bat 0-3 adin tartean hobarietarako. Enpleguan, 4.350.000 euro planteatu ditu, eta 15 milioi gehiago gizarte politiketarako, besteak beste.
Aldiz, zehaztu duenez, 4.000 osasun langileen kontsolidazioa ez dute barneratu, dagoeneko Osakidetzak 2018-2019 lan eskaintza publikoa iragarri duelako. Energiaren enpresa publiko bat sortzea ere baztertu du sailburuak.
Elkarrekin Podemosek "atea itxi ez" duelako pozik agertu da Azpiazu. Eusko Jaurlaritzaren eskaintzak "eskakizunak bete eta 2022an martxan jartzeko errealitate bihurtzen ditu", erantsi duenez.