Politika -

EAEko aurrekontuak

EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs aurrekontuak negoziatzen jarraitzeko prest, baina baldintzekin

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak bilera erronda egin du gaur goizean oposizioko alderdiekin, 2022ko aurrekontu proiektuaren negoziazioan hobekuntzak adosteko.

EH Bilduko ordezkariak, Azpiazu sailburuarekin, gaur. EFE
EH Bilduko ordezkariak, Azpiazu sailburuarekin, gaur.
EH Bilduko ordezkariak, Azpiazu sailburuarekin, gaur. EFE

O. P. | Eitb Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bileraz betetako goiza izan gaurkoa Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuarentzat; izan ere, goizean zehar EH Bildu, Elkarrekin Podemos-IU eta PPrekin bildu da, EAEko 2022ko aurrekontuen proiektuaren negoziazioan "gizarte hobekuntzak eta politika sektorial zentzuzkoak" adosteko.

Ordubete azpitik iraun duen Azpiazuren eta EH Bilduren arteko bileran, "une honetan herri honetako gizon eta emakumeek dituzten beharrei erantzuna emateko eta herri gisara estrategikoki ditugun beharrei erantzun emateko" konpromisoak biltzen dituen dokumentua aurkeztu du EH Bilduk, 118 milioi eurotan baloratua; dokumentuak neurri ekonomikoak nahiz konpromiso politikoak biltzen ditu. 

Maddalen Iriarte koalizioak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez, alde ekonomikoari dagokionez, Osakidetzan lehen mailako arreta indartzeko beharra nabarmendu dute, edo herritarrek negua iristean pobrezia energetikoa jasan ez dezaten neurriak hartzeko beharra. Egoitzetako langileek dituzten beharrei erantzuteko proposamenak ere egin dituzte.

Arlo politikoan, EH Bilduk erreforma fiskalari heldu beharra nabarmendu du, bai eta Euskadiko batez besteko soldataren % 60ren baliokidea den gutxieneko soldata "propioa" ezartzeko akordio bat sustatzea ere. Gainera, etxebizitzaren alokairuaren prezioak mugatzeko lege bat lantzen hastea proposatu du.

Bere ustez, "konpromiso politiko horietan aurrerapausoak" emango balira, "herri honentzat bultzada handia" izango litzateke. Iriartek esan du Eusko Jaurlaritza proposamena aztertu eta erantzuna ematekotan geratu dela. 

Azpiazurekin bildu ostean, Elkarrekin Podemos-IU aurrekontuen negoziazioan jarraitzeko prest agertu da. David Soto alderdiak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak azaldu duenez, 500 milioi euroko proposamenak jasotzen dituen dokumentu estrategikoa aurkeztu diote sailburuari, eta, besteak beste, "pandemiaren ostean Osakidetzatik kaleratutako 4.000 osasun langileren lanpostuak mantentzea" eskatzen dute, "une honetan, bereziki, lehen mailako arreta indartzea beharrezkoa" dela iritzita.

Era berean, subiranotasun energetikoa indartzeko beharra azpimarratu dute, energiaren enpresa publiko bat sortuz horretarako. Gainera, inklusiorako hezkuntza eredu berri baten aldeko ituna ere defendatu dute, "eskola publikoa finantzatuz segregazioaren gaitza iraultzeko".

Sotok adierazi duenez, bigarren bilera bat egitekotan geratu dira, eta eurentzat estrategikoak diren puntu hauei buruz hitz egiteko "prestutasun garbirik ikusten" ez dioten arren sailburuari, uste du garrantzitsua dela negoziatzen jarraitzea, "akordiorako borondatea egon badagoelako".

Elkarrekin Podemos Jaurlaritzarekin hitz egiten jarraitzeko prest agertu da, Azpiazurekin bildu ostean
Elkarrekin Podemos Jaurlaritzarekin hitz egiten jarraitzeko prest agertu da, Azpiazurekin bildu ostean
Elkarrekin Podemos Jaurlaritzarekin hitz egiten jarraitzeko prest agertu da, Azpiazurekin bildu ostean

1:31

PP+Cs taldea izan da bilera erronda zabaltzen lehena. Ordubete iraun duen bileraren ostean, Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidenteak esan du 2022ko aurrekontuak negoziatzen jarraituko duela, baina zergak jaisteko eskatu dio Azpiazuri, eta horretarako Kontzertu Ekonomikoa erabiltzeko. 

Iturgaizen arabera, negoziazioak aurrekontuen inguruan soilik izatea nahi du Azpiazuk, beste gai batzuk (erreforma fiskala, esaterako) kanpo utzita. Eusko Legebiltzarrean PP+Cs koalizioak duen bozeramailearen iritziz, baina, "dena lotuta dago, ezin da zati solteez hitz egin". Horren esanetan, posible da "gastu gehiago eta zerga gutxiago" izatea, eta, hain zuzen ere, "hori da PPk gobernatzen duen erkidegoetan egin dena". 

Iturgaizen iritziz, negoziazio honek "ez du emoziorik", EAJk eta PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan gehiengo absolutua dutelako. Euskadiko PPko buruak nabarmendu du badirudiela Jaurlaritzak Podemos duela begikoen aurrekontuen inguruko akordioak lortzeko, eta, hori horrela bada, zaila izango dela PP+Cs akordio horretara batzea, koalizioaren politika ekonomikoak "komunistek" defendatzen dituztenen "antipodetan" daudelako.

Carlos Iturgaiz: ''PPk gobernatzen duen tokietan gure politika zergak jaistea da''
Carlos Iturgaiz: ''PPk gobernatzen duen tokietan gure politika zergak jaistea da''
Carlos Iturgaiz: ''PPk gobernatzen duen tokietan gure politika zergak jaistea da''

1:16

Azpiazuk ez dio aterik inori itxi

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak ez dio oposizioko "talde bakar bati ere aterik itxi"; hala esan du, behintzat,  EH Bildurekin, Elkarrekin Podemos-IUrekin eta PP+Cekin bildu ostean, aurrekontuak adosteko balizko akordioari begira.

PP+Cs taldearekin hasi da bilera sorta, Elkarrekin Podemos-IU alderdiarekin bildu da ondoren, eta EH Bilduren ordezkaritza batekin erronda amaitzeko. EH Bilduk eta PP+Cs-ek erreforma fiskalaz hitz egin beharra azpimarratu dute bilerotan, eta, horren harira, Azpiazuk ohartarazi du "fiskalitatea ez dela aurrekontuen eztabaidan sartzen", eta ohartarazi du, norbaitek "sine qua non baldintza" gisa jarraitzen badu hori, "zailtasun asko" egongo direla itun bat ixteko.

Hala ere, bilera horien ostean, Ekonomia eta Ogasun sailburuak esan du "a priori" ez dela inorekin "aterik itxi".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu Nafarroa Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak EAEko Aurrekontuak Zerga politika