Politika -

Nafarroako Aurrekontuak

Aurrekontu akordioan "Nafarroarekiko konpromisoa" dagoela goraipatu du PSNk

Gainera, sozialistek uste dute legegintzaldiko hirugarren aurrekontuak onartzea "Maria Chivite presidentearen lidergoa eta egonkortasuna erakusten duen lorpena" dela.

Ramon Alozrriz PSNren Antolakuntza idazkaria. Argazkia: Efe
Ramon Alozrriz PSNren Antolakuntza idazkaria. Argazkia: Efe
Ramon Alozrriz PSNren Antolakuntza idazkaria. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNk uste du Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin lortu duen aurrekontu eta zerga akordioa "Nafarroaren aurrerabidearekin konpromiso irmoa dutenen" adierazpidea dela. Izan ere, "eskuzabaltasunez eta desadostasunak alde batera utzita, nafarren ongizatea helburu duen adostasuna lortzeko negoziatu dute", gaineratu du.

Horixe adierazi du Ramon Alozrriz PSNren Antolakuntza idazkariak ohar batean, eta azpimarratu du legegintzaldiko hirugarren aurrekontuak onartzea "Maria Chivite presidentearen lidergoa eta egonkortasuna erakusten duen lorpena" dela.

"Aurrekontu akordioa oinarrizkoa da krisitik bidezko irtenbidea lortzeko, begirada gastu sozialean jartzen duen aurrekontua delako, guztiaren % 54,8 bideratuko baita horretara. Gainera, herritarren eta beren beharren esku jarriko ditu Nafarroako Biziberritzeko Planaren 500 milioi euroak edo Europako funtsen 200 milioiak. Susperraldirako eta ilusiorako aurrekontua da", azaldu du.

Alzorrizen esanetan, "akordioan ez da jasotzen Nafarroako Gobernuaren politikak partekatzen dituzten gehiengo ezkertiar eta aurrerakoietatik haragoko interesik"; horregatik, eskerrak eman dizkie "Nafarroako gizartearen ordezkari direnen ikuspegi zabala, nahiago dutelako pertsonen eguneroko kezkak konpontzeko neurriak eskaini, alderdikeriak baztertuta".

Era berean, akordioarekin agerian geratu omen da "legegintzaldi hau elkarrizketarena, bizikidetzarena eta negoziazioarena dela. Zerbitzu publikoekiko konpromiso irmoa indartzearen eta bidezko susperraldiaren aldekoa. Batzen gaituenarekiko konpromisoaren legegintzaldia da".

PSNko ordezkariaren arabera, "gutxiengoan dagoen gobernu bat gidatu arren, akordiorako gaitasuna erakusten dugu, Parlamentuko gehiengoarekin adosten nafarrengan eragin positiboa duten lege, dekretu eta gai garrantzitsuetan".

"Nafarroako herritarrek behar dutena proposamenak eta akordioak dira, betoak alboratuta", Alzorrizen arabera. "Navarra Suma eskuindarrak irudikatzen duen Nafarroa ilunaren aurrean, guk etorkizuneko Nafarroaren bidea jarraitzen dugu, esperantzarena, eraldaketa sozialarena, gazteena eta emakumeena. Berdintasunarena eta bizikidetzarena. Guztien Nafarroa, guztientzat", amaitu du Alzorrizek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Nafarroa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua María Chivite Nafarroako Aurrekontuak