Politika -
Memoria historikoa
Martin Villak helegitea jarri du Serviniren auzipetzearen aurka, inpartzialtasun falta egotzita
"Kereila aurkeztu dutenen bertsioa" bere egitea leporatzen diote, ikerketa judizial independentea ez egitea eta hilketa batzuk gizateriaren aurkako jotzea ez dela bateragarria trantsizioarekin.
agentziak | eitb media
Rodolfo Martin Villa ministro ohi espainiarrak helegitea sartu du Argentinako Apelazio Ganbera Federalean Maria Servini epailearen auzipetzearen aurka. Servinik 1976 eta 1978 arteko hilketa batzuk leporatzen dizkio Villari, martxoaren 3an Gasteizen izandako hiru eta German Rodriguezena 1978ko sanferminetan, besteak beste.
Atzo abokatuek aurkeztutako helegitearen arabera, magistratuak bere egin du "kereila aurkeztu dutenen bertsioa", ez du ikerketa judizial independenterik egin eta hilketa batzuk gizateriaren aurkako delitu jo izana ez da bateragarria trantsizio prozesuarekin.
47 orriko idatzian agertzen denez, epaileak ez du inpartzialtasunez jokatu, arbitrarioa izan da erabakia, ez dago frogarik eta ministro karguan egoteagatik soilik eskatzen dira ardura penalak.
Servinirentzat, berriz, Villa "larrigarridun hilketa delituaren arduraduna" da "gutxienez lau kasutan". Horietako hiru Gasteizen 1976ko martxoaren 3an izandako gertakarietako biktimak dira, eta laugarrena, German Rodriguez, 1978ko sanferminetan hil zuen Poliziak Iruñean.
Gorte frankistetan prokuradore izan ostean, Martin Villa Harreman Sindikalen ministro izan zen diktadorea hil ostean (1975-1976), Barne ministro (1976-1979), Lurralde Antolaketakoa (1980-1981) eta Gobernuko presidenteorde (1981-1982).
Helegitean azpimarratu dute epaileak ez duela Martin Villaren "egiletza egiaztatzeko frogarik zehazten".
Ministro ohiaren abokatuek uste dute epaileak ez duela "Espainiaren historia ezagutzen", trantsizioan, kereila aurkeztu zutenen eta epailearen iritziaren aurka, "ez zegoelako Francoren egitekoa jarraitzeko asmorik edo oposizioa zapaltzeko edo jazartzeko egitasmo berririk, kontrakoa baizik, demokrazia konstituzionalera bidean espainiarrak batzeko asmoa".
Epaileak hilaren 15ean eman zuen Villa auzipetzeko agindua, ministro ohiak bideokonferentziaz eta bere ekimenez deklaratu eta urtebetera.