Politika -
Eusko Legebiltzarra
EH Bilduk erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du; lehendakariak itun "anitz" baten alde egin du
Erabakitzeko eskubidea Urkulluren diskurtsotik desagertu dela eta, kezkatuta agertu da Maddalen Iriarte. Lehendakariak gogorarazi dionez, erabakitzeko eskubidea "ez dago juridikoki araututa".
Agentziak | EITB MEDIA
Autogobernua eta EAEko estatus politiko berria hizpide izan dira gaur Eusko Legebiltzarrean egiten ari diren kontrolerako saioan. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak eta Iñigo Urkullu lehendakariak, biek, hartu dute ahotan, euren iritziak plazaratuz.
Iriarte kezkatuta mintzatu da erabakitzeko eskubidea lehendakariaren diskurtsotik desagertu dela eta. Ohartarazi dionez, "erabakitzeko eskubidea ukatzea herri honen existentzia ukatzea da, eta zuk badakizu, eta zuk aipatzen dituzun eskubide historikoak eguneratzeari uko egitea da, eta zuk badakizu".
Horren ildoan, Jaurlaritzak duen proposamena "zein den" galdetu dio: "Bermea emango al diogu beste txapuza bati? Urte batzuk barru, berriro ere honelako liburukote batekin ("Higadura isila" liburua eskuan zuela) bueltaka ibiliko al gara? Edo egingo ote dugu Ibarretxek egindako Euskal Erkidegoaren Estatutu Politiko Berria baino beheragotik egongo den zerbait edo herri honek dituen erronka handiei erantzuteko edo herritarrek dituzten beharrei erantzuteko eta printzipio demokratikoan oinarritutako proposamen bat egingo dugu?".
Urkullu: "Akordio instituzional eta politiko bat lortzea posible da"
Erantzunean, Urkulluk EH Bilduko eledunari gogorarazi dionez, erabakitzeko eskubidea ez dago "juridikoki araututa", eta Konstituzionalak Kontsulten Legea baliogabetu zuen. Hortaz, lehendakariaren ustez, Legebiltzarraren lana da "artikulazio juridikoa adostea, herritarrek erabakia hartzeko herritarren xedeei bide eraginkorra eta bermeduna eskaintzeko".
Hori horrela, aurrera egiteko "erabakitzeko eskubidearen definizio maximalistetatik ihes egiteko" deia egin du, eta itun instituzional eta politiko "anitz" bat lortu, ondoren, euskal gizarteak erreferendum bidez erabaki dezan.
Horren ildoan, ohartarazi du denbora honetan guztian ez duela ikusi ordenamendu juridikoa apurtu duen erabaki eraginkor bat. Urkulluren aburuz, Euskadiren eta Espainiako Estatuaren "subiranotasun partekatua" errespetatuko duen akordioa behar du EAEk, "bi aldeak errespetatu eta aitortuko dituen akordioa, eta Euskadik erabakitzeko duen gaitasun apartekoa onartuta".
Azkenik, Kontzertu Ekonomikoaren eredua jarraitzea proposatu du, "leialtasuna eta errespetua" lege izango duen Kontzertu Politikoa lortzeko.