Politika -

Politika Orokorreko eztabaida

EH Bilduk dio Urkulluk aldarrikatzen duen subiranotasuna Euskal Estatua eraikiz soilik izango dela posible

Maddalen Iriarte koalizio soberanistaren bozeramaileak Iñigo Urkulluren Gobernuak pandemiaren harira egindako kudeaketa kritikatu du eta itun berri bat egitea proposatu du, datozen erronkei erantzun ahal izateko.

Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea.
Maddalen Iriarte EH Bilduren bozeramailea.
EH Bilduko Maddalen Iriarteren mintzaldi osoa

32:1

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak 1839 aurreko subiranotasuna berreskuratzeko deia egin du goizean Eusko Legebiltzarrean egin duen hitzartzean. Arratsaldeko saioan, Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak erantzun dio "XXI. mendean subiranotasuna lortzeko modu bakarra Euskal Estatua" eraikitzea dela.

"Aurrera egiteko unea heldu da. Erabakitzeko unea heldu da, demokrazian eta herritarren borondatean sinesten baldin badugu behintzat; izan ere, hori da kontua, gizartearen gehiengoaren borondatea errespetatzea", esan dio Iriartek Urkulluri.

Herritarren gehiengoaren babesa izanez gero, proiektu politiko guztiak gauzatzeko aukera bermatzea aldarrikatu du Iriartek, "hori baita gatazkaren oinarria".

Ildo horretan, lehendakariari aurpegiratu dio bere diskurtso politikotik erabakitzeko eskubidea desagerrarazi egin dutela.

Iriartek gogora ekarri du gizartean % 70a erabakitzeko eskubidean alde dagoela eta estatus politiko berri bat ezartzeko deia egin du, EH Bilduk eta EAJk autogobernurako lantaldean eztabaida horretarako oinarriak adostu zituztela nabarmenduta.

EH Bilduk oinarri horiek babesten dituela berretsi du, baina zalantzan jarri du EAJk itun hori azkeneraino eraman nahi duen ala ez.

Horrez gain, etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko "belaunaldien arteko akordioa" egitea proposatu du Iriartek, ondoko bost puntuak kontuan hartuta: neutraltasun klimatikoa, kalitatezko enplegua, zaintza sistema publikoa, Europa iparraldeko herrialdeetan oinarritutako hezkuntza sistema bat eta euskararen erabateko normalizazioa.

Iriartek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ez duela indarrik eta determinaziorik herritarren arazoei aurre egiteko, "gobernu kontserbadorea eta ahula delako".

Bestalde, covid-19aren harira, onartu du pandemia bat kudeatzea "oso konplexua" dela, baina Iñigo Urkulluren Gobernuaren jarrera kritikatu du, aldebakarrez jardun duelako, oposiziotik egin zaizkion ekarpenak kontuan izan gabe.

Halaber, pandemiaren kudeaketan egindako akatsen inguruan autokritikarik egin ez izana aurpegiratu dio Iriartek lehendakariari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte