Politika -

Autogobernua

Espainiako Estatua EAEko eskumen gaitasuna "etengabe inausten" ari dela salatu du Jaurlaritzak

Injerentzia juridiko eta politikoa horiek txosten juridiko batean bildu ditu Jaurlaritzak. Olatz Garamendi sailburuak "elkarrizketa eta negoziazioa" eskaini dizkio Sanchezi, baina ohartarazi dio "irmo" defendatuko dituela Euskadiren interesak.

Garamendi, txostenaren aurkezpenean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Garamendi, txostenaren aurkezpenean.
Espainia EAEko eskumen gaitasuna ''etengabe inausten'' ari dela salatu du Jaurlaritzak

1:34

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Estatua Euskal Autonomia Erkidegoaren (EAE) eskumen gaitasuna "etengabe inausten eta mugatzen" ari da, Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak salatu duenez. Injerentzia juridiko eta politiko horiek biltzen dituen "Higadura isila" liburuaren aurkezpenean egin ditu adierazpenak Garamendik. Liburuak Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoko abokatuek egindako txostenak ditu oinarri, eta agerian uzten du Estatua "ingeniaritza juridiko eta politikoa zabala eta etengabea" erabilita Autonomia Estatutua nola ahultzen ari den.

Injerentzia hori iraganeko kontua bakarrik ez, gaur egun puri-purian daudela kritikatu du sailburuak. "Sanchez presidenteak autonomien gaitasunei buruzko auziak ez epaitzeko konpromisoarekin hartu zuen Presidentetza, baina bide horretatik jotzen jarraitzen du", deitoratu du. Hala, gogorarazi du abuztu hasieran eskumen gatazka aurkeztu zutela Estatuak administrazio digitalari buruz egindako araudiaren kontra. Horrez gain, desadostasunak daude diru-sarrerak bermatzeko errentaren harira ere.

Horren ildoan, Garamendik azpimarratu du "elkarrizketa, negoziazioa eta kontzertazioa" bihurtu nahi dituela bere jardunaren ardatz nagusi, eta lankidetza bideak aktibatzearen alde agertu da, baina ohartarazpena ere egin du: "Irmo defendatuko dugu gure jarrera eta gurea dena, egoera bakoitzean, eta dagokion instantzien aurrean".

Sailburuaren ustez, euskal autogobernuak pairatzen duen eskumen higadura "oso kaltegarria da" erakundeentzat eta gizartearentzat, eta "estatutu ituna ahultzen du", Euskadin zenbait politika publiko "zapuztu" egin baitira.

700 orrialdedun liburuak "Higadura isila" du izenburutzat, eta Garamendik azaldu duenez, adjektiboa ez dago ausaz jarrita. Izan ere, esku sartzeak "Konstituzionalaren jurisprudentziak aldarrikatzen duen legezkotasunaren" estalkia dute, eta jendarteari oharkabean igarotzen zaizkio.

"Ezin da onartu Estatuan nagusi den botere politikoari komeni zaion guztietan eskumenen eta ahalmenen banaketaren legezkotasuna beti zentralismoaren alde interpretatzea", aldarrikatu du.

Segidan, Estatuak urteotan erabilitako teknika juridiko eta politikoak zerrendatu ditu sailburuak. Horietako bat da Estatuaren zeharkako eskumen-tituluak eskatzea eta aplikatzea, autonomia erkidegoen eskumen esklusiboko gaiei buruzko legeak egiteko. Beste bide bat da salbuespenezko arrazoietara jotzea Konstituzioak Estatuari gordetzen ez dizkion funtzio betearazleak esleitzeko.

Txostenaren arabera, Estatuak beste teknika zentralizatzaile bat ere erabiltzen du, Estatuaren gastu boterea eskumen autonomikoko politika publikoetan eragiteko erabiltzean oinarritzen dena. Praktikan, finantza-injekzio horiek baliatzen ditu bere eskumen eremutik kanpo dauden sektoreen jarduera zuzentzeko.

Estatutu berria

Kazetarien galderei erantzuna, Garamendik aitortu du estatutu berri bat lagungarria izan daitekeela higadura horrekin amaitzeko: "Estatutu berri batek jaso ahal ditu berme berriak edo berritu jasota daudenak hau saihesteko baina hau ez da aldebakarreko kontua". Hori horrela, alde biko harremana berrartzearen eta estatutu-itunaren espiritua berreskuratzearen alde egin du.

Data itxita ez dagoen arren, sailburuak aurreratu du Transferentzien bitariko Batzordea "laster" dela biltzekoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza berriak Auzitegi Gorena bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Auzitegi Konstituzionala EAEko Autonomia Estatutua