Politika -
Auzitegi Konstituzionala
Konstituzionalak oniritzia eman dio poliziaren biktimen Nafarroako legeari
Legea indarrean jartzen denean hartuko den lehenengo neurrietako bat Batzordea sortzea izango da, biktima horiek zeintzuk izango diren zehazteko.
agentziak | eitb media
Auzitegi Konstituzionalak oniritzia eman dio eskuin muturraren edo funtzionario publikoen biktimen lege nafarrari; hau da, ez du onartu Voxek eta PPk sartutako helegitea.
Nafarroako Parlamentuak gaur jaso du ebazpena, eta Ana Ollo Herritarren Harremanetarako kontseilaria "oso gustura" agertu da, edukia sakonean aztertu ez badu ere.
Aurreko legegintzaldian onartu zuen legea Foru Parlamentuak (Geroa Baik, EH Bilduk, Podemosek eta Ezkerrak alde bozkatu zuten; PSN abstenitu egin zen, eta UPN eta PP kontra agertu ziren), baina PPk eta Voxek helegitea jarri zuten, alde batetik, eta Ciudadanosek, bestetik. Azken horren kasuan, oraindik ez dute ebazpena jaso, baina Gobernuak uste du "antzekoa" izango dela, helegiteak ere "antzekoak" zirelako.
Ollok aurreratu du Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenarekin "biktimen egiarako, justiziarako eta konponketarako eskubideetan aurrerapausoa" emateko aukera izango dutela.
Horixe adierazi du eskuin muturraren eta poliziaren biktimei buruz, Nafarroan lehendik ere bazeudelako terrorismoaren biktimen legea eta Memoria Historikoarena.
Orain, kontseilariaren arabera, "balioa eman behar diogu biktima guztiekiko konpromiso etikoari, zein indarkeria den gorabehera, bakoitza bere testuinguruan jarrita eta parekatu gabe".
Legea indarrean jartzen denean hartuko den lehenengo neurrietako bat Batzordea sortzea izango da, biktima horiek zeintzuk izango diren zehazteko. Orain arte geldirik egon da "zuhurtziagatik eta segurtasun juridikoagatik".
Horregatik, Ollok berretsi du ebazpenak, biktimen errekonozimendurako eta konponketarako "segurtasun juridikoa" emateaz gain, "gizarte demokratikoago baten alde lan egiteko ardura" aurrera eramatea ahalbidetuko diela erakunde nafarrei.