Politika -
Memoria Historikoa
Etxalatzeko hobian topatutako bi pertsonen gorpuzkiak identifikatu dituzte
Joaquin Arroyo Alfaro eta Tomas Salinas Beorlegui dira. 1937ko martxoaren 9an hil zituzten, Iruñeko kartzelatik atera ostean.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Etxalatzeko (Eguesibar) hobian topatutako gorpuzkiak Joaquin Arroyo Alfaro eta Tomas Salinas Beorleguirenak direla egiaztatu dute, Nafarroako Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez. Biak 1937ko martxoaren 9an hil zituzten, Iruñeko presondegitik atera ostean.
Gorpuzkiak 2019ko udan desobiratu zituzten eta DNA probak eginda identifikatu dituzte orain.
Joaquin Arroyo Etxaurin eta Tomas Salinas Ororbian hil zituztela pentsatzen zuten, baina, Nafarroako Gobernuak azaldu duenez, testigantza ematerakoan Etxalaz eta Etxauri nahastu zirela uste dute, bi izenak fonetikoki antzekoak direlako.
Etxalatzeko hobitik 10 gorpu atera zituzten, bi fasetan: sei, 2018ko irailean; eta beste lau, 2019ko uztailean –horietako bi orain identifikatutakoak-.
Senideek DNA bankua osatzeko emandako probak baliatu dituzte hezurrak norenak diren jakiteko. Bi identifikatu dituzte, baina gainerakoak ez. Areago, 1937ko martxoaren 9an edo ondorengo egunetan eraildako inorenak ez direla ebatzi dute.
Azkeneko identifikazioak kontutan hartuta, kasu batzuetan hilketak eta lurperatzeak ez ziren hasiera batean pentsatutako tokietan eman. Horrela, bada, Nafarroako Gobernuak oraindik DNA probarik eman ez duten familiei dei egin die Memoriaren Institutuarekin harremanetan jar daitezen, identifikazio gehiago egin ahal izateko.
Halaber, esker ona adierazi biktimen senideen eta memoriaren aldeko elkarteei, batez ere Nafarroako fusilatutakoen senideen elkarteari, elkarlanean aritzeagatik.