Politika -

Koronabirusa

Alarma egoeraren balizko amaierak zatiketa sortu du gobernuen eta alderdien artean

Lehendakariak luzatzea eskatu zuen atzo, baina Espainiako Gobernuak berretsi zuen erkidegoek badituztela nahikoa lege pandemiari aurre egiteko. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU, luzatzearen alde.

Alarma egoeraren amaierak etxeratze aginduari eragingo lioke, besteak beste. Argazkia: EFE
Hainbat pertsona Bilboko Metroan.
Alarma egoeraren amaierak etxeratze aginduari eragingo lioke, besteak beste. Argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchezek duela astebete iragarri zuenez, ez du maiatzaren 9an amaitzekoa den alarma egoera luzatzeko asmorik. Iragarpenak soka luzea izan du, eta desadostasunak sortu ditu gobernuen eta alderdi politikoen artean.

Iñigo Urkullu lehendakariak alarma egoera luzatzeko eskaera egin zion atzo Sanchezi, hura kenduta erkidegoak berme juridikorik gabe geratzen direla argudiatuta. Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko eledun eta Ogasun ministroak laster erantzun zion eskaerari. Horren esanetan, erkidegoek badute "legedi arrunt nahikoa" pandemia kontrolatzeko, alarma egoeraren beharrik izan gabe.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, alarma egoera "beharrezkotzat" jo zuen Urkulluk, harik eta talde immunizazioa lortu arte. Monterok erantzun zionez, alarma egoera ez dago "batzuen presioen edo eskaeren menpe", baizik eta datuen bilakaeraren menpe. "Eskubideen murrizketa ez da desiragarria", gaineratu zuen.

Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Chivitek atzo gobernuko bozeramaile Javier Remirezek esandakoaren haritik adierazi du "goiz" dela oraindik alarma egoera luzatzea beharrezkoa izango den ala ez erabakitzeko, eta gaineratu du erkidegoek badituztela "pandemia geldiarazteko neurriak ezartzeko tresnak". Aitortu duenez, baina, erkidego batzuek "arazoak" izan dituzte euren justizia auzitegiekin, ez baitiete baimendu establezimenduak ixtea eta itxiera perimetrala ezartzea, eta, beraz, ulertzen du "neurriak hartzeko alarma egoera baten babesa behar izatea".

Ildo beretik, Fernando Simon Osasun Larrialdi eta Alerten Koordinazioko Zentroko zuzendariak esan zuen maiatzeko egoera eta urrikoa (orduan ezarri zen bigarren alarma egoera hau) "oso ezberdinak" izango direla. Halaber, alarma egoera "gorabehera", erkidegoek "erabakiak hartzeko ahalmen handia" dutela nabarmendu zuen.

Horixe bera berretsi du gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Bere asmoa maiatzaren 9an alarma egoera amaitzea da, pandemiaren aurka gobernuak eta erkidegoek adostutako neurriak ezartzeko "tresna juridiko nahikoa" dagoela iritzita.

Sanchezek azpimarratu du ez dela beharrezkoa izango alarma egoera luzatzea, eta Osasun Ministerioa eta erkidegoak barne hartzen dituen Lurralde Arteko Kontseiluan adostutako neurriak "bete beharrekoak" direla.

Euskal alderdien iritziak

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak gaur erantzun du, eta "erkidegoek omen dituzten lege erreminta horiek non" dauden galdetu du. Dena dela, iragarri du Madrilgo hauteskundeen ondotik badagoela "denbora, zentzuz jokatuz, denoi segurtasuna emango digun erdibideko konponbide bat topatzeko".

Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzan EAJrekin batera koalizioan dagoen PSE-EEk Sanchezen erabakiak babestu zituen bart. Eneko Andueza euskal sozialisten bozeramaileak Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egindako elkarrizketan adierazi duenez, "Sanchez buru duen Espainiako Gobernuak hartutako erabaki oro zentzu onean, zuhurtzian eta erantzukizunean oinarrituta egongo da, orain arte bezala". Anduezaren esanetan, "Eusko Jaurlaritzak egoera honi aurre egiteko beharrezkoak diren berme, tresna eta erreminta guztiak ditu".

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUk Legebiltzarrean duen bozeramailea, ordea, ez da iritzi berekoa. Radio Euskadiko irratsaio berean egin dituen adierazpenen arabera, "alarma egoera barik, Euskadik ez du erabakiak modu autonomoan hartzeko nahikoa erreminta".

Azkenik, EH Bildu koalizioaren jarrera plazaratu du gaur Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak. Horrek ere alarma egoera luzatzea babestu du, bestela EAE "tresnarik gabe" geratuko litzatekeelako.

Ildo beretik, Espainiako Gobernuari erkidegoekin akordioa lortzea eskatuko diote bihar EH Bilduk eta Compromisek, alarma egoera bukatuta, lurralde guztiek "aterki juridikoa" izan dezaten. Mertxe Aizpurua diputatu eta bozeramaile abertzaleak esan du adostasun hori beharrezkoa dela erkidegoek euren neurriak hartzeko modua izan dezaten, "epaileen esku egon barik". Eskaera bihar helaraziko diote Sanchezi Kongresuaren osoko bilkuran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Alderdi politikoak Pedro Sánchez Gizartea EH Bildu PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Podemos Ahal Dugu Euskadi Koronabirusa Alarma egoera