Politika -

Larrialdi klimatikoa

Espainian krisi klimatikoari aurre egiteko lehen legea onartu du Kongresuak

Egitasmoak bi data garrantzitsu aipatzen ditu: bata, 2030, Espainiak berotegi-efektuko emisioak % 23 murriztu beharko dituenean, eta, bestea, 2050, klima-neutraltasuna lortzeko urtea.

Urdaibai (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Jesus Maria Tortajada
Urdaibai (Bizkaia)
Urdaibai (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Jesus Maria Tortajada

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kongresuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege proiektua onartu du ostegun honetan, eta Senatuan egin beharreko azken tramitea falta da bakarrik klima-aldaketari aurre egiteko egitasmoa onartzeko. Besteak beste, 2040an auto kutsatzaileen salmentarekin amaitzea, emisioak murriztea eta 2050ean Espainiar Estatuan klima-neutraltasuna lortzea ditu helburu.

Araua apirilean bertan sar liteke indarrean, presako tramitazioa dela eta, eta zuzenketa ugari izan ditu, 750 baino gehiago. Dena dela, klima-aldaketarekin amaitzeko asmoa duen lehen araua izango dena aurrera atera da, aldeko 22 botorekin, kontrako 5ekin eta 10 abstentziorekin.

Hain zuzen ere, PSOEk, Unidas Podemosek, Ciudadanosek, EH Bilduk, EAJk, Ezquerra Republicanak eta Teruel Existek bozkatu dute lege-proiektuaren alde; PP eta Mas Pais abstenitu egin dira, eta Vox izan da kontra bozkatu duen alderdi bakarra.

Bere helburuen artean, etorkizuneko arau honek 36 artikulu jasotzen ditu, eta bi data garrantzitsu aipatzen ditu egitasmo horiek garatzeko: bata, 2030, Espainiak berotegi-efektuko emisioak % 23 murriztu beharko dituenean (1990eko datuekin alderatuta), eta, bestea, 2050, klima-neutraltasuna lortzeko urtea.

Legeak, halaber, 2040. urtea aipatzen du, errekuntza motorra duten ibilgailuen matrikulazioaren amaiera gisa, 2050ean klima-neutraltasuna lortzeko helburuarekin.

Ildo horretatik, Espainiak erregai fosilen zundaketak eta prospekzioak debekatuko ditu, 2023an 50.000 biztanletik gorako hiri guztiek emisio baxuko gune bat izatera behartuko du, eraikinen birgaitze energetikoa bultzatuko du eta energia berriztagarrien hedapena bultzatuko du (ondare naturalaren zaintzarekin bateragarria).

Testuinguru horretan, EH Bilduk emisioen bolumenari dagokionez "anbizio handiagoko" araudi baten beharra ikusi du, eta "covid-19ak kolpatutako garai honetan planetaren iraupena" babesteko beharrezkoa dela uste du. EAJk, berriz, "kalitatezko enplegua sortzeko politika ekonomikoekin eta iraunkorrekin batera joan beharko lukeen lege batean elkarrizketarik eta adostasunik ez egotea" deitoratu du.

Lege proposamen horren eztabaidan, PP oso kritiko agertu da egitasmoarekin. Alderdi Popularraren iritziz, "txarra, askorentzat kaltegarria eta, batez ere, Espainia landatarra mespretxatzen duen" arau bat da. Ildo horretatik, "ia adostasunik gabeko lege sektarioa" dela azpimarratu du.

German Renau PSOEko kidearen ustez, gaurkoa egun "historikoa" da, "etengabeko elkarrizketa" izan duen testu klimatikoa onartzeagatik. "Hori, legearen edukia aberasteko aurkeztu diren zuzenketetan islatzen da", etorkizunerako ezinbesteko arau bat ateratzeko "borondate handia" erakusten baitu.

Ildo beretik, Juantxo Lopez de Uraldek (Unidas Podemos) esan du "lege ona" dela, eta Espainian urteetan pairatutako "negazionismo estrategia" batekin amaitzen dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Klima-aldaketa Politika EAJ-PNV PSOE PP Espainiako Gobernua Espainia Alderdi politikoak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Senatua Larrialdi klimatikoa