Politika -
Zabalza auzia
Zabalza torturapean hil zutela frogatu du guardia zibilen arteko elkarrizketa batek
Luis Alberto Perote koronel ohiaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa "Non dago Mikel?" dokumentala egiteko ikerketari esker eskuratu dute.
E. G. | EITB MEDIA
Guardia Zibileko bi goi kargudunen arteko elkarrizketa baten grabazioak frogatu du Mikel Zabalza gaztea Intxaurrondoko kuartelean hil zutela, torturapean. Audioa Público egunkariak kaleratu du gaur, eta bertan Luis Alberto Perote koronela eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitaina entzuten dira hizketan.
Grabazioa "Non dago Mikel?" dokumentalerako Miguel Angel Llamasek eta Amaia Merinok egindako ikerketari esker eskuratu zuten. Antza, Luis Alberto Perote CESIDeko koronel ohiaren ziegari egindako miaketa baten topatu zuten. Audioa edukia ezaguna zen, duela urte batzuk El Mundo-k transkripzioa kaleratu zuelako. Are, Zabalza auziaren ikerketan froga gisa ere aurkeztu zuten, baina epaimahaiak baztertu egin zuen "beharrezko gutxieneko kalitatea" ez zuelako.
Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaian aurkitu zuten 1985eko abenduaren 15ean, Guardia Zibilak bere bikotekidearekin, anaiekin, lehengusuarekin eta Ion Arretxe idazlearekin batera atxilotu eta hiru astera. Bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin zuen eta ibaian itota hil zen. 36 urteren ostean, familiak "justizia, aitortza eta erreparazioa" eskatu ditu, eta heriotzaren "egian aurrera egitea".
"Hortxe geratu zitzaiela uste dut"
Audioan Perote eta Gomez Nieto entzuten dira. "Zabalzaren gaia oso itsusi dago" esanez hasiko dute elkarrizketa, eta kapitainak "eskua joan zaie, itaunketan bertan gelditu zaie", esaten du. Perotek, orduan, Gomezi galdetzen dio ea uste duen (Zalbaza) "Intxaurrondon hil zitzaiela". Gomez Nietok ondorengoa erantzuten du: "Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire ustea. Huts egite asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela".
Zabalza kasuaz gain, Guardia Zibileko bi goi-kargudunek torturetan hil zorian egon diren beste pertsona batzuez ere hitz egiten dute naturaltasunez. "Guri ia bertan geratu zitzaigun herrialdeburua", dio Gomez Nietok. "Momentu batean, arnasten ari dena bere karbono monoxidoa da, eta ito egiten da", gaineratzen du. Xehetasun gehiago ere ematen dizkio: "Tipoa begira genuen, zeren kontu horren mamia ez baita tipoak ez duela ezer ikusten; funtsean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotza sentipena izan dezan".
Elkarrizketa hau Miguel Angel Llamasek eta Amaia Merinok otsailaren 26an zinema aretoetan estreinatuko duten "non dago Mikel?" dokumentalerako egindako ikerketaren emaitza da. Audioa, ordea, ez dago zintan sartuta, baina Ahotsa.info-ren "galdutako objektuak" webseriearen parte izango da, dokumentalaren material gehigarriarekin egina.