Politika -

Alarma-egoera

Etxeko konfinamendua baztertuta, neurri alternatiboak adostea proposatu du Urkulluk

Lehendakariak ohartarazi du osasun egoerak "okerrera" egingo duela, eta etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzeko aukera aztertu beharko litzatekeela esan du.

Iñigo Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: EFE
Iñigo Urkullu lehendakaria.
Urkulluk etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzea proposatuko du

2:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak onartu du koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz egoera "oso larria" dela eta datozen egunetan "okerrera" egingo duela ohartarazi du.

Edonola ere, etxeko konfinamendua ezartzearen kontra dagoela berretsi du, eta bestelako neurriak adostu beharko liratekeela esan du. Hala, Lurraldeen arteko Batzordean etxeratze-agindua 20:00etara aurreratzea eta taldean gehienez bildu daitezkeen pertsonen kopurua seitik laura murriztea aztertu beharko litzatekeela adierazi du.

Edozein erabaki erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren artean adostutakoa izan beharko litzatekeela azpimarratu du.  

SER irratian egindako elkarrizketa batean, Urkulluk esan du "egoera oso larria" dela pandemiaren ondorioz, eta "oraindik Gabonetako ondorioak" sufritzen ari garela erantsi du, "garai horretan harreman sozial desinhibituak ugaritu egiten direlako". "Positiboen tasak goraka jarraituko du", ohartarazi du.    

Txertaketarako estrategia

Eusko Jaurlaritzaren txertaketa-estrategiaren harira sortu den polemika ere izan du hizpide. Euskal Autonomia Erkidegoa txerto gutxien jarri duen erkidegoa da Estatuan, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuaren ordezkariak asteburuan esan zuen "txertoak ahalik eta azkarren jartzeko" direla, "eta ez gordetzeko".

Urkulluk ez du ika-mika horretan sartu nahi izan eta Osasun Sailaren estrategia babestu du, lehendabiziko dosia hartu dutenei bigarrena emateko txertoak soilik gordetzen direla esanez.

"Guk gure plan propioa daukagu. Helburua ez da txertoak gordetzea, helburua da lehen dosia jaso dutenei bigarrena izango dutela bermatzea", azaldu du. Halaber, bigarren dosia jartzeko kanpaina atzo abiatu zutela jakinarazi du.

Horrez gain, EH Bilduk Ertzaintzari egindako kritikei buruz ere galdetu diote lehendakariari. Maddalen Iriarte koalizio soberanistako bozeramaileak esan du etxeratze-agindua betearazterakoan Ertzaintza jarrera oldarkorra izaten ari dela eta herritarrak kolpatu egiten dituela.  

Urkulluk "gezurra" dela esan du eta ertzainek nahiz udaltzainek "neurriz" jokatzen dutela ziurtatu du. Ildo horretan, Derion izandako gertakaria ekarri du gogora: hainbat ordu itxaron zuen legez kanpoko festa batean zeuden gazteak identifikatzeko eraikinetik noiz aterako zain.

Ertzaintzak "ez du indarkeria erabili inoren aurka". "Ertzainen eta udaltzainez jokabidea neurtua, oso neurtuan izaten ari da", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak