Politika -
2021eko aurrekontuak
EAEko aurrekontuei osoko zuzenketa aurkeztuko die EH Bilduk
Koalizio subiranistaren arabera, EAJk euren proposamena "hitz egin gabe" baztertu izanak "euskal gizarteari baino ez dio kalte egiten".
E.G. | EITB MEDIA
EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren 2021eko aurrekontu proiektuari osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du eta hala egingo du datozen orduetan (bihar amaituko da epea), Maddalen Iriarte koalizio subiranistaren Legebiltzarreko bozeramaileak iragarri duenez.
EH Bilduren Mahai Politikoak hartutako erabakia jakinarazi du Iriartek prentsaurrekoan. EH Bilduren legebiltzarkidearen iritziz, EAJren jarrera "zinikoa" da, "auzolanaz eta elkarlanaz" mintzatzen delako, baina aldi berean "hitz egiteari uko" egiten diolako. Iriartek nabarmendu duenez, jeltzaleek uste dute horrela koalizioari "kalte" egiten diotela, baina "oso oker" daudela erantsi du: "Horrela euskal gizarteari egiten dio kalte".
Iriartek deitoratu du Jaurlaritzak EH Bilduren proposamena "eztabaidatu gabe, zergatik baztertzen duen azaldu gabe" baztertu duela, eta kritikatu du Azpiazu sailburuak "elkarrizketari uko egin ziola EAJk lehenengo momentutik zeukalako erabakita EH Bildurekin akordioa nahi ez zuela.
Izan ere, koalizioaren arabera, "jeltzaleek ez dute EH Bildurekin inolako akordiorik nahi jakin badakitelako gobernu alternatiba bakarra garela, eta beldur diolako alternatiba hori indartzeari".
Iriartek azpimarratu duenez, "Jaurlaritzak perspektiba galdu du gai honetan, aurrekontuak herritarren beharrei erantzuteko erreminta bat delako eta ez delako EAJk EH Bildu higatzeko duen beharrari erantzuteko. Horrela, EH Bilduri kalte egiten diola uste du EAJk, baina oso oker dago; horrela, euskal gizarteari egiten dio kalte. Horregatik, EAJ eta Urkulluren gobernua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrekin zorretan daudela esaten dugu eta azalpen bat zor dietela guztiei".
Azalpenak euskal gizarteari
Iriarteren aburuz, EAJk zein Jaurlaritzak azaldu beharko dute zergatik "ez duten beharrezkoa ikusten osasuna eta zerbitzu publikoak indartzea, koronabirusak gehien kaltetutako sektoreak erreskatatzea edota zaharren egoitzetako bizi eta lan baldintza duinak bermatzea".
"Pedro Azpiazu Ogasun sailburua bere isiltasunaren jabe ba, baina bere adierazpenen preso. Izan ere, proiektua aurkeztu zuenean esan zuen beharrezkoa izanez gero, gastua handi zitekeela. Hor dago gakoa, gizarte honek dituen beharren ikuspuntua oso ezberdina dugula", azaldu du.
Nabarmendu duenez, gizartearen beharrizanak "hain dira larriak ezen gastua ez handitzea luxua da".
"EAJk zein Jaurlaritzak azaldu beharko dute zergatik Arabako eta Bizkaiko zaharren egoitzatan ezin diren aplikatu Gipuzkoan aplikatzen diren ratio eta baldintzak, edota zergatik ezinezkoa den orain EH Bildurekin zerga politikaz hitz egitea 2018ko aurrekontuetan PPrekin enpresa handiei zergak jaistea adostu baldin bazuen. Ezin dugu onartu krisiak eragindako faktura handi hori betikoek eta behar handiena dutenek ordaintzea. Era berean, azaldu beharko dute zergatik ez dauden prest Europako funtsen inguruan hitz egin eta eztabaidatzeko prest. Azkenik, azaldu beharko dute zergatik ez dioten nahi alokairuaren prezioari mugak jartzea nahi", azpimarratu du.