Politika -

Txertaketa

Txertoak jarritako dosien arabera banatzea "zentzugabekeria" litzateke EAJrentzat

Eusko Jaurlaritzaren "txertaketa mailakatuaren estrategia" babestu dute EAJk eta PSEk, eta oposizioak txertatzeko planik ez izatea egotzi dio Exekutiboari.

Luis Javier Telleria (EAJ) eta Carmelo Barrio (PP+Cs) 'Parlamento en las Ondas' saioan / EITB Media
Luis Javier Telleria (EAJ) eta Carmelo Barrio (PP+Cs) 'Parlamento en las Ondas' saioan.
Luis Javier Telleria (EAJ) eta Carmelo Barrio (PP+Cs) 'Parlamento en las Ondas' saioan / EITB Media

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk Radio Euskadiko legebiltzarkideen arteko eztabaidan kritikatu duenez, "zentzugabekeria" litzateke autonomia erkidegoei banatzen zaizkien txertoen kopurua jarritako dosien araberakoa izatea.

Parlamento en las Ondas saioan, legebiltzarkideek, besteak beste, covid-19aren pandemiaren eragina eta horren kontrako neurriak zorrozteko aukera aztertu dituzte.

EAJko Luis Javier Telleria legebiltzarkidearen ustez, "zentzugabekeria" litzateke Espainiako Gobernuaren Osasun ministerioak txertoak banatzeko sistema aldatzea orain arte dosi gehiago eman dituzten autonomia erkidegoak lehenesteko.

Azaldu duenez, "Euskadin txertaketa mailakatuaren estrategia bat dago". Helburua "lehen 21 egunetan erdia erreserba estrategiko bezala uztea da, eta erakutsi da hori dela zuzena, eta egin ez duenak arazo bat duela". Telleriarentzat, beraz, "zentzugabekeria" litzateke gehiago txertatzen ari diren erkidegoei dosi gehiago bideratzea.

Jeltzaleak onartu du egoera epidemiologikoa "kezkagarria" dela", "baina zentzu batean aurreikusten genuen". "LABIk eskua apur bat irekitzea erabaki zuen Gabonen aurretik, behar sozioekonomiko bat zegoela uste zuelako, eta aurreikusteko modukoa zen hau gertatzea", esan du.

"Serie epidemiologikoetan etengabeko eboluzioari erreparatu behar zaio, eta ulertzen dut litekeena dela aste batez positiboek mantentzea edo gora egitea, eta ditugun neurriekin edo mugikortasuna apur bat murriztuta berriz behera egin dezakete, neurri drastikoak hartu gabe", esan du. Esan duenez, konfinamendu bat edo hezkuntza aurrez aurrekoa ez izatea "saihesten saiatu behar da".

EH Bilduko Nerea Kortajarena legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzari egotzi dio txertaketa estrategiarik, egutegirik eta immunizatu nahi diren taldeen sekuentziarik ez izatea. Gainera, prozesua bizkortzeko eskatu du, biztanleria guztiak immunizatzeko, eta horretarako covid-19 funtsaren 140 milioiak aprobetxatzeko, salatu duenez, "xederik" gabe dago eta.

Era berean, pandemiaren egoeraz "kezkatuta" dago, eta "Gabonak salbatzeko operazioaren" ondorioa izan dela esan du. Gogorarazi duenez, lehenago "uda salbatzeko" operazioa ere egon zen. Horregatik, Jaurlaritzak "autokritika" egin beharko lukeela uste du.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak ez duela "elkarrizketa biderik" oposizioarekin LABIko teknikoek dituzten datuen inguruan, eta oposizioko alderdiek "gertatzen ari dena" ikustera mugatuko da.

Legebiltzarkide abertzaleak gogorarazi du Gabonen aurretik Osasun sailburuari eskatu ziotela osasun estrategia bat, pandemiari buruzko guztia antolatzeko, eta covid-19a ez denari erantzun bat eman ahal izateko. "Ez daukagu estrategia hori, eta baldin badago, ez da publikoa", kritikatu du.

Ekain Rico PSEko legebiltzarkideak azpimarratu duenez, garrantzitsuena txertatzeko estrategiak dira, eta horiek eta "beren emaitzek denbora behar dute". "Euskadin erreserba estrategiko bat izatea erabaki zen, eta sailburuak esan duenez, hilaren 20tik aurrera, bigarren dosia ematen hasten denetik aurrera, txerto guztiak emango dira", esan du.

Sozialistak esan duenez, Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordea astero biltzen da, eta bertan Gotzone Sagardui sailburuak "pandemiaren egoera eta txertaketa estrategia azaltzen ditu eta taldeen galderei erantzuten die".

Era berean, Aurrekontuetan "osasun publikoan, lehen arretan, kontratazioetan eta azpiegituretan gastu handiagoa" aurreikusten da, eta "minutuz minutuko emaitzetatik ihes egitea" defendatu du.

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martinezen arabera, neurri "murriztaileagoak" hartzen badira, horiek "Osakidetza, lehen arreta eta txertatzeko eta arakatzeko taldeak indartzeko erabakiekin batera hartu behar dira". "Oraingo laguntza ekonomiko eta sozialak baino handoagoekin ere bai", gehitu du.

Modu berean, txertoa heltzeko itxaropena "baliabide publikoen eta informazio guztiaren bidez" indartu behar da.

"Zenbat eta ziurtasun gehiago izatea positiboa izango da, eta Osakidetzaren langileen eskaerei erabateko gardentasunez erantzun behar zaie", esan du.

Azkenik, PP+Cs taldeko Carmelo Barriok ere txertaketa estrategiarik ez izatea leporatu dio Jaurlaritzari.

EAEn pandemiarekin lotuta "hutsune ugari" daudela ohartarazi du, "Jaurlaritzaren informazioa eta errealitatea ez datozelako bat".

"Lehen olatuan babesteko ekipoak eta arnasgailuak izan ziren, bigarren olatuak ospitaleratzeak eta aste honetako hildakoak ez zenbatzea… era orain, txertaketa garaian, 'Euskadi, Espainiako azkena txertaketetan' bezalako titularrak", laburbildu du. "Euskadin txertaketa kanpainarik ez dagoela" gehitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea