Politika -

OMENALDIA

Mikel Zabalzaren heriotza argitzeko eskatu dute Auritzen

"Gaur-gaurkoz Mikel ez dute biktima bezala inon ere aitortzen. Oraindik haren senideek ez dute egia, justizia eta erreparaziorik izan", salatu du Mikel Zabalza Gogoan ekimenak.

Mikel Zabalza gogora ekartzeko ekitaldia Auritzen (Nafarroa). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Mikel Zabalza gogora ekartzeko ekitaldia Auritzen (Nafarroa). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Omenaldia egin diote Mikel Zabalzari bere heriotzaren 35. urteurrenean

1:29

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Zabalza gogora ekartzeko ekitaldia egin dute Auritzen (Nafarroa), hilik agertu zela 35 urte bete direnean. Sekula argitu ez den heriotza izan da. Zabalza atxilotu zutenetik eta haren gorpua Bidasoako uretan agertu zen arte gertatutakoa argitzeko eskatu dute ekitaldian.

Ekitaldiak aforo txikia izan du COVID-19aren ondorioz, baina 254 pertsonak jarraitu ahal izan dute Ahotsa.inforen Youtube kanalaren bidez, ekimenak agiri batean jakinarazi duenez.

“Gaur-gaurkoz Mikel ez dute biktima bezala inon ere aitortzen. Oraindik haren senideek ez dute egia, justizia eta erreparaziorik izan. Kontakizunaren zati da, eta horrela aldarrikatu nahi dugu”, adierazi du Eneko Villegas Mikel Zabalza Gogoan ekimenaren izenean.

Ekitaldian, Nafarroako Gobernuari “ausardia” eskatu diote, “Poliziaren indarkeriaren biktimak aitortzeko”; izan ere, “torturatu guztientzako gauza bera eskatzen dugu: egia, justizia eta erreparazioa”.

Mikel Zabalza Gogoan: "Kontakizunaren zati da, eta horrela aldarrikatu nahi dugu"

“Dagoeneko 35 urte igaro dira Mikel Zabalza desagertu eta hil zenetik. 35 urte, Nafarroako gizartean eragin handia izan zuen gertakari dramatiko hau isiltasunak estali zuenetik”, salatu du Foro Sozial Iraunkorrak ohar batean.

Mikel Zabalza Altzan (Donostia) atxilotu zuten 1985eko azaroaren 25ean, gauerdian, Idoia bikotekidearekin eta Jon lehengusua eta lagunarekin batera. Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelera eraman zituzten guztiak.

Han egon zirenek torturak jasan zituztela eta “Mikelen oihu larriak” entzun zituztela salatu zuten. Denak aske utzi zituzten kargurik gabe ordu gutxi batzuk geroago edo egun batzuk geroago. Hala ere, “Mikel ez zen irten. Mikel ez zegoen”, azaldu du Foro Sozialak.

Gertakarien bertsio ofizialaren arabera, hiru guardia zibilek Endarlatsako tunel bat miatzera eraman zuten, baina ihes egitea lortu zuen. Eskuak lotuta, bere burua ibaira bota zuen ihes egiteko asmoz, eta ito egin zen. Hala ere, zantzu guztien arabera, Zabaltza Intxaurrondoko kuartelean hil zen, torturapean.

Foro Soziala: "Egia soziala nagusitu zen"

Azkenean, “egia soziala nagusitu zen”, azpimarratu du Foroak. Atxilotu eta 20 egunera, abenduaren 15ean, Mikelen gorpua Bidasoa ibaiko uretan agertu zen, haren bila zebiltzanek ia egunero miatu zuten leku batean.

“Mikelen kasua oraindik argitu behar diren beste kasu askoren artean dago. Ikerketa gehiago behar du, zalantza eta informazio ezaren azpian gordeta dago eta oraindik inork ez du bere gain hartu gertatutakoaren erantzukizuna”, aldarrikatu du Foro Sozialak.

“Foro Sozial Iraunkorrean, alde batetik, Mikelen figura gogorarazi nahi dugu, bai eta berak bezala estamentu ofizialek eragindako indarkeria jasan zuten eta gaur egun oraindik ere argitu gabe jarraitzen duten beste hainbat pertsonarena ere; eta, bestetik, Nafarroako gizarte osoari, bere eragile sozialei, alderdi politikoei, sindikatuei eta erakundeei dei egin nahi diegu beren gain har dezaten giza eskubideen urraketa larrien biktima horiei guztiei egia, justizia eta aitortza ematen laguntzeko konpromisoa, horretarako beharrezkoak diren mekanismoak abian jarriz”, erantsi dutenez.

“Hainbat aldiz esan dugun bezala, Foro Sozial Iraunkorrak biktimen eskubideei dagokienez egiten duen lana gidatzen duen premisa argia da: biktima guztiek dute egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea; eta giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, kontuan hartu gabe zein izan den biktima horiek eragin dituen indarkeriazko eragilea. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe”, nabarmendu dute.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Polizia abusuen biktimak