Politika -

KORONABIRUSA

Koronabirusak euroeskualdeko lurraldeetan izan duen eragina aztertu dute

Iñigo Urkullu, Maria Chivitek eta Alain Roussetek parte hartu duten bilera telematikoan, datozen zazpi urteotarako ildo orokorrak izan dituzte hizpide.

Iñigo Urkullu lehendakaria, euroeskualdearen bileran. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria, euroeskualdearen bileran
Iñigo Urkullu lehendakaria, euroeskualdearen bileran. Argazkia: Irekia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen batzarrak koronabirusak lurraldean izan duen eragin aztertu du.

Astearte honetan egindako bilera telematikoan, Iñigo Urkullu lehendakariak, Maria Chivite Nafarroako presidenteak eta Alain Rousset Akitania Berriko presidenteak pandemiak beren lurraldeetan eragin duen egoera berrikusi dute eta datozen zazpi urteotarako ildo orokorrak zehaztu dituzte.

Hori izan da Nafarroak erakunde horren lehendakaritza Euskadiren utzi ondorengo lehen bilera. Esku aldaketa pasa den martxoaren erdialdean deitutako batzorde orokorrean egin behar zen, baina, azkenean, ezin izan zen bilera egin, COVID-19aren ondorioz.

Bileran, pandemiak aipaturiko lurraldeetan eragin duen egoera izan dute hizketagai. Horrez gain, Espainiaren eta Frantziaren arteko muga ixteak eta egungo murrizketek herritarrengan eta mugaz gaindiko lurraldearen enpresetan eragin dituzten murrizketak aztertu dituzte.

Era berean, aurten amaitzen den Euroeskualdearen Plan Estrategikoaren balantzea egin dute, eta etorkizuneko planaren ildo orokorrak ezarri dituzte. 2027ra bitarteko egitasmo horren oinarriak jasangarritasuna, digitalizazioa, gizarte kohesioa eta enplegua izango dira.

Lehendakariak gogoan izan ditu hilabete hauetan hil diren pertsona guztiak, eta "pandemia globalari hobeto erantzuteko" elkarlana sendotzearen alde agertu da.

Bestalde, EBren aurrekontu berria ate joka dagoela gogoratu du, eta, haren ustez, Euroeskualdearen sorrerako printzipioak sendotzeko balio behar du, alegia, mugaz gaindiko lankidetza; Europako Atlantikoko espazioa sustatzea, eta "gure erkidegoek behetik gora eraikitako Europaren gobernamenduan parte hartzea".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Albisteak Urkullu Nafarroako albisteak Iparraldea argazkiak EAE albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Jean-René Etchegaray Nafarroako Gobernuko lehendakaria COVID kasuak