Politika -

Bilera

Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak % 2,6ko defizita adostu dute

Gainera, % 15,9ko zor publikoa adostu dute Euskadirentzat 2020rako. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak kopuru horiek berretsi beharko ditu, irailean.

Iñigo Urkullu, Sanchezekin batera. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu, jarduneko lehendakaria
Urkullu eta Sanchezek % 2,6ko defizita adostu dute

1:32

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak % 2,6ko defizita eta % 15,9ko zor publikoa adostu dute Euskadirentzat 2020an.

Hortaz, Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak presidenteen biltzarrera joatea erabaki du, Errioxako Donemiliaga Kukula udalerrira, akordioa lortu ostean.

Hain zuzen ere, bi Gobernuek % 2,6ko defizita eta % 15,9ko zor publikoa adostu dute Euskadirentzat 2020rako. Dena dela, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoak kopuru horiek berretsi beharko ditu, irailaren lehen hamabostaldirako aurreikusita dagoen bilera batean.

Pedro Azpiazu jarduneko Ogasun sailburuak zuzentzen duen sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, "negoziatzen asteak eman ondoren", eta jarduera ekonomikoaren beherakadak eragindako diru-sarreren murrizketaren eragina aztertu ostean, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak % 2,6ko defizit muga adostu dute Euskal Autonomia Erkidegoarentzat 2020an.

Kopuru hori Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan berretsi beharko da, iraileko lehen hamabostaldian, Pedro Azpiazu jarduneko Ogasun eta Ekonomia sailburuak eta Ines Bardon Ogasuneko idazkari nagusiak sinatu duten akordioaren arabera, Azpiazuren eta Maria Jesus Montero Ogasun ministroaren arteko "etengabeko elkarrizketen ostean".

Akordio horren arabera, EAEn hartzen diren erabakiei egotzi ezin zaizkien aurreikuspen makroekonomikoetan "aldaketa nabarmena" gertatuz gero, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan aurrekontu-egonkortasunerako helburu berriak adostu ahal izango dira. Defizit helburuarekin batera, 2020rako % 15,9ko zor publikoa ere adostu dute.

Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailak azpimarratu duenez, lortutako akordioaren "beste funtsezko gai bat" da Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiek "Kontzertuaren Batzorde Mistoan adostutako formularen bidez, konpentsazioa jasoko dutela bermatzea, baldin eta diru-sarreren murrizketa une horretan duten soberakina edo superabita baino handiagoa bada".

EAEren defizitari eta zorpetzeari buruzko akordioak "murrizketak saihestuko ditu", dio Azpiazuk

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailburuak adierazi duenez, euskal erakundeek Espainiako Gobernuarekin duten defizitari eta zorpetzeari buruzko akordioak zerbitzu publikoei eustea ahalbidetuko du, eta Eusko Jaurlaritzak "murrizketak" egitea saihestuko du.

Azpiazu izan da, azken asteotan, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroarekin negoziatzen aritu dena. Ines Bardon kontseilariak eta Ogasuneko idazkari nagusiak sinatutako ituna iraileko lehen hamabostaldian egingo den Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan gauzatuko da.

Bilbon egindako adierazpenetan, akordioa publiko egin ostean, Pedro Azpiazuk onartu du kosta egin dela akordioa ixtea, eta horren garrantzia nabarmendu du, "zerbitzu publikoei eustea" ahalbidetuko duelako "murrizketarik" egin gabe

Urkulluk esan du egutegia "estu" dutela

Europako funtsen proiektuen harira, Iñigo Urkullu lehendakariak baieztatu du egutegia "estu" dutela, duela gutxi hauteskunde autonomikoak izan direlako EAEn, eta oraindik gobernua osatu gabe dagoelako. Halere, argi utzi du abuztuan horretan jardungo dutela.

"Egin beharreko lanak egingo ditugu", zehaztu du.

EH Bilduren ustez adostutako defizita ez da nahikoa

EH Bilduk ziurtatu du Espainiako Gobernuarekin adostutako % 2,6ko defizita ez dela nahikoa "murrizketak  saihesteko", eta gogora ekarri du hasieran batean Jaurlaritzak % 3,5eko defizita planteatu zuela.

"Zerga erreforma egon ezean, adostutako defizitak murrizketa gehiago ekarriko ditu. Ez da arrazoizkoa herrialde honek behar dituen neurriei buruzko baimena Madrili eskatu behar izatea. Menpe egon beharrean, burujabeak izan behar gara", berretsi du ohar baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Katalunia Politika EAJ-PNV PSOE Iñigo Urkullu Kontzertu Ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Pedro Sánchez Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Osasun albisteak Koronabirusa Alarma egoera Deseskalatzea