Politika -
Hirugarren bizikleta martxa
Presoekiko akordioak berritzea eskatuko dio Sarek Eusko Legebiltzar berriari
“Espetxe politika humanoago baten alde, euskal presoek jasaten dituzten eskubideen urraketari amaiera ematea”, aldarrikatu du Sare Herritarrak.
eitb.eus
Datozen egunetan, Eusko Legebiltzar berrian ordezkaritza lortu duten alderdi politikoei, eurekin biltzeko nahia adieraziko die Sarek, erakunde horrek aurreko legealdian lortutako akordioak berritzeko asmoz. Finean, “espetxe politika humanoago baten alde, euskal presoek jasaten dituzten eskubideen urraketari amaiera emateko”, azaldu dute.
Larunbat honetan hirugarren bizikleta martxa bukatu da, Izan Bidea dinamikaren baitan.
Ekimena abian jarri zutenetik, “konponbidearen eta bakearen aldeko” 200.000 kilometro baino gehiago egin dituzte.
“COVID-19k eraginda salbuespeneko egoera batean egin dugu aurtengo martxa, baina, esan behar dugu, salbuespen egoera ez dela arrotza guretzat, batez ere euskal presoentzat eta haien senideentzat”, gogorarazi dute ohar batean.
“Ekimen honekin, urruntze politikaren amaiera, preso gehienei ezartzen zaien lehen graduaren progresioa ahalbidetzea, edota gaixotasun larriak dituzten presoek etxean behar dute”, aldarrikatu dute.
“Hori da euskal presoek egunerokotasunean bizi duten salbuespen legedia, duela hamarkada luzeetatik pairatzen dutena”, salatu dutenez.
Azkenik, “salbuespen egoera honetan, presoen urteetan pairatutako salbuespen legedi horrekin amaitu behar dela aldarrikatzen ari gara. Honela, presoek, dagokien etxerako bidea egiten hasi ahal izango baitute”, adierazi dute.